Mundua -
Jende gehien dagoen egunean
Ateak berriro zabalik Lourdesen, bonbarik ez dagoela baieztatu ondoren
15:00etan eztanda egiteko prest zeuden lau lehergailuen presentziaz ohartarazi du dei anonimo batek.
Erredakzioa
Lourdeseko santutegiak ateak berriro zabalik dauzka, poliziak miaketa lanak amaitu eta lehergairik ez dagoela berretsi ondoren. Dei horren inguruan sortutako ikarak 30.000 erromes ebakuatzera eraman ditu bertako segurtasun arduradunak.
16:30etarako antolatutako prosezioa normaltasunez egin dute, behin lehergailu-teknikariek euren lana amaituta.
Telefono dei anonimo batek hedabideak eta polizia bera ohartarazi ditu 15:00etan lau lehergaik santutegiko leku ezberdinetan eztanda egiteko prest zeudela esanez.
Santutegiko arduradunek bertan zeuden 30.000 erromesak ebakuatzen hasi dira, lehergailu teknikariek eta horretarako prestatutako zakurrek ingurua miatzen has zitezen.
Lourdeseko prentsa arduradunek esan dutenez, ebakuazioa lasaitasun osoz egin dute eta 14:00etarako (12:00 GMT) bukatuta zegoen.
Gaurkoa, ez da Lourdeseko santutegiak bonba abisua jasotzen duen lehen aldia. 2002ko urriaren 27an, Pio X Deunaren lurrazpiko elizak antzeko gertaera batengatik ebakuatu behar izan zuten.
Lourdeseko santutegiak otoitzerako 22 leku ditu 50 hektareako inguruan.