Mundua -

Iruzkina

Joko estrategikoa Sahelen

Al Kaidaren aitzakiarekin, Estatu Batuak herrialde gehiagotara hedatzen ari da. Frantzia aspaldi zegoen bertan ezarria eta ziurrenik, Parisek ez du begi onez jotzen herrialde horietan atzera egiteak.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sahelgo herrialdeen garrantzia estrategikoa gero eta nabarmenagoa da Europarentzat. Orain arte ez zitzaien kasu handiegirik egiten, baina Magreb islamiarreko Al Kaida bertan ezarri denetik, guztiak Mauritaniari, Maliri, Nigerri eta Burkina Fasori begira daude.

Armen eta drogen trafikoaren pasabidea dira horiek, baita Europara iritsi nahi duten etorkinena ere. Al Kaidakoek trafiko horiek erabiltzen dituzte dirua lortzeko, eta bide batez, bahiketak ere egiten dituzte diru irabazteko.

Halaber, herrialde horietako agintariek botere politikoa eta dirua lortu nahi izaten dute. Maliko presidenteak, Amadou Torumani Tourek, arma asko jaso du Ameriketako Estatu Batuetatik. Mauritaniakoak, Mohamed Ould Abdezalizek, lortu du guztiek ahaztea, duela bi urte estatu kolpe baten bidez iritsi zela boterera. Burkina Fasokoak, Blaise Compaorek 23 urte daramatza boterean, beraz, ez da demokrata, baina bi kooperante katalanen askapenean lagundu duenez, begi onez begiratzea lortu du.

Presidente horiek Sahelgo atea parez-pare zabaltzen ari dira Estatu Batuei. Washintonek AFRICOM Afrikarako talde militar bat sortu zuen duela hiru urte, eta armekin hornitzen dituen tokiko hainbat herrialderekin egin ditu maniobrak. Hitz batean esateko, Al Kaidaren aitzakiarekin, Estatu Batuak herrialde gehiagotara hedatzen ari da. Frantzia aspaldi zegoen bertan ezarria eta ziurrenik, Parisek ez du begi onez jotzen herrialde horietan atzera egiteak. Gainera, kooperanteen askapenaren ostean argitaratutako oharrean, Al Kaidak barregarri utzi frantziarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea