Mundua -

Errusia

600 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte Moskun eta San Petersburgon

Atxilotuen artean Navalni oposizioaren burua dago eta, gainera, 30 eguneko kartzela zigorra jaso du ustelkeriaren aurkako manifestazioak deitzeagatik, baimenik izan gabe.

Ia 2.000 atxilotu Errusian, Putinen Gobernuaren aurkako protestetan

2:06

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

600 manifestari baino gehiago, tartean Alexei Navalni oposizioko burua, atxilotu dituzte Mosku eta San Petersburgo Errusiako hirietan ustelkeriaren aurka egindako manifestazioetan, agintari errusiarrek zabaldu dutenez.

Navalnik berak 30 eguneko espetxe zigorra jaso du protestak deitzeagatik eta, horrela, manifestazio deialdien inguruko legea urratzeagatik, Reuterseko albiste agentziako kazetari batek zabaldu duenez.

Moskun 150 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, eta beste 500 bat San Petersburgon (herrialdeko bigarren hiria). Moskun 4.500 bat manifestari elkartu dira eta beste 3.500 San Petersburgon, beti ere agintarien arabera.

Aurretik, Poliziak Navalni atxilotu du, etxetik irteten ari zela, Mosku erdiguneko protestara joatekoa zenean, bere emazteak Twitterren iragarri duenez.

Argazkia: EFE

Moskuko Barne Sailak baieztatu du, bere aldetik, Navalni atxilotu eta polizia-etxera eraman dutela "arau-hausteen" berri emateko, Sputnik agentziak aireratu duenez. Hain zuzen, mitin eta manifestazioen araudia urratu eta polizia-agente baten agindua ez betetzea leporatu diote.

Moskun 2011an eta 2012an Putinen aurka egindako protesta jendetsuetako oposatzaile adierazgarrienetako bat izan zen Navalni. Gainera, bigarren hautagairik bozkatuena izan zen Moskuko hauteskundeetan.

Horrez gain, bere kontra ezarritako bi zigor bertan behera geratu dira, horietako bat 5 urtekoa, Kirovles zur-enpresan dirua bidegabe erabiltzeagatik eta, bestea, 3 urte eta 6 hilabetekoa, Yves Rocher enpresari iruzurra egitegatik. Navalniren esanetan, auzi horiek bera isilarazteko saiakera politikoak izan dira.

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mosku argazkiak Errusia Gaurko azken orduko albistea Manifestazioak gaur