Mundua -
Basoko sutea
Hiru dolu-egun Portugalen, larunbatean piztutako suteko biktimak omentzeko
Portugalgo Poliziak ikerketa abiatu du sutea zerk piztu duen argitzeko. Portugal erdialdean dagoen Pedrogao Grande herrian piztu zen sutea, larunbatean.
Agentziak | Erredakzioa
Portugalgo Gobernuak hiru eguneko dolu aldia ezarri du herrialdean, larunbatean Pedrogao Grande herrian (Portugal erdialdean) piztutako suteak utzitako biktimak omentzeko. Azken datu ofizialen arabera, 60 pertsona baino gehiago hil eta beste horrenbeste zauritu dira.
Ministro Kontseiluak ohar baten bidez jakitera eman duenez, Gobernuak hiru dolu-egun ofizial ezarri ditu, ezbeharrean bizitza galdu duten pertsonen omenez.
Portugalgo lehen ministroak zabaldutako azken datuen arabera, 60 pertsona baino gehiago hil eta beste horrenbeste zauritu dira. Gainera, sei zauritu egoera larrian daude. Sutea larunbatean piztu zen, Portugal erdialdean dagoen Pedrogao Grande herrian.
Une honetan, suteak lau puntu desberdinetan piztuta jarraitzen du, baina agintarien esanetan ?denbora gutxi barru? kontrolatuta izatea espero dute.
Portugalgo Poliziak ikerketa abiatu du sutea zerk piztu duen argitzeko, baina baliteke zuhaitz baten kontra jo duen tximista batek ezbeharra eragin izana. Antonio Costa Portugalgo lehen ministroaren hitzetan, azken urteotan Portugalen izandako ?ezbehar handiena? da.