Mundua -
Fisbury Park
Eraso terrorista Londresen komunitate musulmanaren aurka
Furgoneta batek hainbat musulmanen aurka egin du meskita baten ondoan. Pertsona bat hil da eta 10 zauritu dira.
agentziak
Furgoneta batek hainbat musulmanen aurka egin du Londresen, Seven Sister boulevarretik gertu dagoen meskita baten alboan, Fisbury Parketik gertu, Londres iparraldean.
Pertsona bat hil da, baina Poliziak uste du erasoa gertatu baino lehen zendu dela, bihotzeko baten ondorioz. Gainera, hamar pertsona zauritu dira, eta bi larri daude.
Scotland Yardek informatu duenez, harrapaketa 00:20 aldera (hango ordua) izan da eta ibilgailuaren gidaria, 48 urteko gizonezkoa, atxilotu dute. Era berean, baieztatu du ikerketaren fase honetan ez dagoela beste susmagarririk, gidariaz gain.
Neil Basu Scotland Yardeko terrorismoaren aurkako unitateko koordinatzaileak hedabideen aurrean esan duenez, "eraso terrorista" bat izan da, "erabilitako metodologiagatik, ondorio lazgarriengatik…" hala adierazteko ezaugarri guztiak ditu.
Halaber, argitu du goizegi dela hildako pertsona atentatuaren ondorioz hil den baieztatzeko eta, ikerketaren fase honetan, ezin dela baieztatu zein izan den erasoa egiteko arrazoia.
Erasoan erabilitako furgoneta. Argazkia: EFE
"Musulman guztiak akabatuko ditut"
Abdulrahman Saleh Alamoudi gertatutakoaren lekukoetako batek azaldu duenez, bera fededun talde batekin batera zegoen eta, une horretan, "lurrera erori zen" adineko bat laguntzen ari ziren. Halako batean, erasotzailearen furgoneta haiengana abiatu zen.
"Gugana zetorren furgoneta handi hori. Uste dut gutxienez 10 pertsona zauritu zirela eta, zorionez, ihes egitea lortu nuen", baieztatu du.
"Orduan, tipoa furgonetatik irten zen eta geldiarazi nuen. Oihu egiten ari zen: Musulman guztiak akabatuko ditut, musulman guztiak akabatuko ditut. Aldi berean, ukabilkadaka hasi zen", Alamoudiren arabera.
Mendean hartu eta gero, beti ere bertsio horrek dioenez, gizonak "hiltzea" eskatu du.
Bakarrik jardun da
Theresa May lehen ministro britainiarrak baieztatu du atentatuaren egilea "bakarrik jardun" dela, Poliziak abiarazitako ikerketaren arabera.
Downing Streeteko bulegoaren ondoan egindako agerraldi batean, Mayk esan du erasoak gogorarazi duela "terrorismoak, muturreko jarrerek eta gorrotoak itxura asko hartzen dituztela". Era berean, baieztatu du Gobernuak "desagerraraziko" duela, "egilea edonor izanda ere".
Goizeko lehen orduan, Mayk harrapaketa "lazgarria" gaitzetsi du. Gainera, erantsi duenez, "eraso terrorista" baten moduan ikertzen ari da Polizia.
"Gertakari izugarria da. Biktimei babesa adierazi nahi diet, baita haien gertukoei eta larrialdi zerbitzuei ere", baieztatu du lehen ministroak.
10 zauritu, zortzi ospitalera, bi oso larri
Londresko Anbulantzia Zerbitzuaren hitzetan, zortzi pertsona ospitaletara eraman dituzte eta, beste bi, harrapaketaren lekuan bertan artatu dituzte, zauri arinak izan dituztelako. Alabaina, ospitaletan dauden zaurituetako bi oso larri daude
Erresuma Batuko Batzorde Musulmanaren (MCB) arabera, oinezkoak Finsbury parkean dagoen meskitatik irten direla harrapatu dituztenean. Ramadana dela eta joan dira otoi egitera gauerdi inguruan.
Harun Khan MCBren idazkariak harrapaketa gaitzetsi eta "islamofobiaren erakusle" izan dela adierazi du. "Shockean nago gertatutakoagatik eta amorrua sentitzen dut", baieztatu du.
Migdaad Versi Erresuma Batuko Batzorde Musulmanaren beste kide baten esanetan, ordea, 3 edo 4 lirateke hildakoak, eta zazpi inguru zaurituak.
Zenbait lekukoren hitzetan, ibilgailuaren barruan hiru pertsona zeuden, gutxienez. Poliziak ikerketa abiarazi du eta inguruak miatzen ari da, gidariarekin zihoazen pertsonak topatzeko. Ikerketa Scotland Yardeko terrorismoaren aurako unitateak hartu du bere gain.
Bestalde, Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruak "erabat hunkituta" dagoela adierazi du.
Sadiq Khan Londresko alkateak, era berean, larrialdi zerbitzuak eta segurtasun indarrak gertatutakoa argitzeko lanean ari direla azaldu du Twitterren.