Mundua -
gatazka diplomatikoa
Al Jazeera ixtea eskatu diote herrialde arabiarrek Qatarri
Saudi Arabiak, Egiptok, Bahreinek eta Arabiar Emirerri Batuak hainbat baldintza jarri dizkiote Qatarri, gatazka diplomatikoa konpontzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Qatarrekin gatazka diplomatikoa duten herrialde arabiarrek eskakizun zerrenda bat helarazi diote arabiar emirerriari, Kuwait bitartekariaren bidez, konponbidea negoziatzeko, Al Arabiya Saudi Arabiako telebista kateak jakinarazi duenez.
Saudi Arabiak, Egiptok, Bahreinek eta Arabiar Emirerri Batuak terrorismoa finantzatzea eta Ekialde Hurbileko egonkortasuna kolokan jartzea egotzi diote Qatarri.
Horren ildotik, Al Arabiyaren arabera, estatu horiek hainbat eskaera egin dizkiote, gatazka diplomatikoa konpontzeko, hala nola Iranekin harremanak haustea eta Al Jazeera telebista katea ixtea. Turkiak herrialdean duen base militarra ixtea ere agindu diote.
Turkiak Qatarren alde egin zuen gatazka diplomatikoa hasi zenean, eta elikagaiak eta ura igorri dizkio, Saudi Arabaiak ezarritako blokeoa saihesteko. Gainera, militar gehiago bertaratu ditu.
Estatu arabiarrek 10 eguneko epea eman diote Qatarri, eskaerak betetzeko.
Al Jazeerak errefusatu egin du ixtea
Bestalde, Al Jazeera kateak errefusatu egin du ixtea, eta eskaera "adierazpen askatasuna isilarazteko saiakera" dela salatu du.
"Kazetaritza egiteko eskubidea aldarrikatu nahi dugu, inolako gobernuren edo erakunderen presioei aurre eginda", erantzun du.