Mundua -
Eslovakian
Gizon batek zazpi pertsona tiroz hil ditu Bratislavan
50 urteko gizonezko bat kalean tiroka hasi da eta, bere buruaz beste egin aurretik, zazpi pertsona hil eta beste 15 zauritu ditu.
Erredakzioa
Eslovakiako agintariek jakinarazi dutenez, zortzi dira Bratislavako tiroketan hildako lagunak. 50 urteko gizonezko bat kalean tiroka hasi da eta, bere buruaz beste egin aurretik, zazpi pertsona hil ditu eta beste 15 zauritu.
Daniel Lipsic Eslovakiako Barne ministroaren hitzetan, zortzigarren hildako bat ere badago. Izan ere, erasotzaileak bereizketarik egin gabe egin du tiro eta bala horietako bat emakume baten etxean sartu da eta harrapatu egin du.
Aurretik, familia bereko lau emakume eta bi gizon hil ditu Bratislava hiriburuko mendebaldeko auzo batean.
Bestalde, Ivan Uhliarik Osasun ministroak zehaztu duenez, 15 herritar zauritu ditu.
Zaurituetako bederatzi larri daude; bularrean, ahoan eta buruan dituzte zauriak, agintari horren arabera.
"Erasotzailea 50 urteko gizon bat izan da", Denisa Baloghova Poliziaren bozeramaileak Efe albiste-agentziari baieztatu dionez. Dena den, zenbait hedabidek zabaldutakoaren harira, bozeramaileak ez du argitu ijito familia baten aurkako erasoa izan den.
Kalean bere burua harrapatuta ikusi ostean, ustezko erasotzaileak bere buruaz beste egin du.
Polizia jazoeraren nondik norakoak ikertzen ari da.