Mundua -

Narkotrafikoari kolpea

'La Barbie', Mexikoko 'narko' bilatuenetarikoa, atxilotu dute

Beltran Leyva anaien kartela kontrolpean hartzeko barne-gerra odoltsuaren protagonistetako bat izan da Edgar Valdez. Mexikoko Gobernuak 2,3 milioi dolar eskaintzen zituen 'La Barbie' harrapatzeagatik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Edgar Valdez Villareal, "La Barbie" ezizenaz ezaguna eta Mexikoko gaizkile bilatuenetarikoa, atxilotu egin dute goizaldean Mexikoko segurtasun indarrek.

Garai batean Beltran Leyva anaien karteleko sikarioen buru izandakoa, eta egun organizazioa kontrolpean hartzeko gerran sartuta zegoena, Mexiko estatuan harrapatu dute, Morelos estatuaren mugatik eta hiriburutik gertu.

Atxiloketa Mexikon 18:00ak zirenean egin dute.

Laredon (Texas, AEB) jaioa, Valdez Villarrealen harrapaketari 30 milioi pesotako prezioa jarri zion Gobernuak (2,3 milioi dolar). ''La Barbie'' ezizenaz ezaguna bere itxura dotoreagatik, Poliziak zabaldutako argazkietan baino kilo batzuk gehiago zituen atxiloketaren momentuan.

Edgar Valdez eta Arturo Beltrán Leyva kapoa (edo ''El Barbas'', kartelaren burua) abenduan atxilotuak izateko zorian izan ziren indar armatuak biak zeuden festa batera sartu zirenean.

Azken aldian, bere kide izandakoekin zuen gerrak eta bere ekintzen krudeltasunek hedabideetako protagonista bihurtu dute Valdez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea