Mundua -
Iruzkina
Irakeko gerra oraindik ez da amaitu
AEBetako presidenteak bere hitza bete du eta soldadu gehienak abuztua bukatu aurretik eramango ditu Iraketik, baina ezin da esan estatubatuarrek helburuak bete dituztela.
Jesus Torquemada
Bushek "gerra amaitu da" esan eta zazpi urte eta lau hilabete geroago, Obamak gaur "gerra amaitzen ari da" edo antzerako zerbait esango du.
Presidente estatubatuarrak bere hitza bete du eta soldadu gehienak abuztua bukatu aurretik eramango ditu Iraketik, baina ezin da esan gerra amaitu denik, ezta AEBek gerrarekin lortu nahi zituen helburuak lortu dituenik.
Lehena, Saddam Hussein boteretik kentzea, lortu zuten estatubatuarrek, eta nahiko erraz gainera. Baina Irak egonkor bat, AEBen aliatua izango dena eta Iranen kontrapisu lana egingo duena, eraikitzea lortzetik urrun geratu dira. Irakeko petrolio guztia kontrolpean izatea ere ez dute lortu, izan ere, egungo Irakeko Gobernuak AEBetakoak ez diren petrolio konpainia askori utzi die sartzen, eta gainera, herrialde asiarrak ez du gerra aurretik adina petrolio ekoizten.
Dena dela, Obamak Iraken dauden 50.000 soldadu estatubatuarrak 2011ko abenduaren 31 baino lehenago erretiratzeko asmoarekin jarraitzen du. Baina, ordura arte gauza asko gerta litezke Iraken.
Seinale txarra da hauteskundeak izan eta bost hilabetera oraindik behin behineko Gobernua izatea, suniak eta xiiak ados jartzen ez direlako. Hori dela eta, ez da bi komunitateen arteko gerra zibila izatea baztertzen.