Mundua -
Iruzkina
Bakea negoziatu, gerra egin
Ekialde Hurbilean atentatu handi ugari egin dituzte bake-negoziazioak egiten ari ziren bitartean.
Jesus Torquemada
Israelen eta Palestinan gauzek ez dute munduko gainerako tokietako esanahi bera. Ekialde Hurbilean, bake-negoziazioek gerra gehuago esan nahi dute. Izan ere, atentatu handi asko bake-negoziazioak oso aurreratuta zeuden garaietan egin izan dituzte, emaitzak lortzeko zorian ziren garaietan.
1994ko otsailean, Hebronen otoitz egiten zeuden 29 palestinar hil zituen israeldar batek. Sei hilabete geroago, palestinar batek 22 israeldar hil zituen Tel Aviven, autobus batean. Osloko Akordioak itxaropena sortu zuen garaiak ziren.
Era horretako atentatu gehiago ere egin zituzten, eta israeldarrek nahiz palestinarrek itxaropena galdu zuten.
Hori helburu zuen atzo Hamasek lau israeldar hil zituenean, hots, ez dadila egon inongo bake itxaropenik; dena ala ezer ere ez, logika hori inposatu dadila. Ez du negoziatuko Israelekin, Israel desegin egin behar da, besterik gabe.
Hamasek badaki zer egiten ari den, Zisjordanian palestinarren lurraldea lapurtzen ari diren kolono juduen kontrako erasoa egin baitu. Kolono horiek erradikalenak dira, palestinarren aurrean amore eman ez dezan Benjamin Netanhayu lehen ministro israeldarrari presio egiten diotenak, hain zuzen ere.