Mundua -

Ekialde Hurbila

Netanjahu eta Abbas 15 egunean behin batzartuko dira

Ekialde Hurbilean bake "iraunkorra" ezartzeko "alde biek" amore eman beharko dute, Israeleko lehen ministroaren esanetan. Bere aldetik, Gazako blokeoarekin amaitzea eskatu du Abbasek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanjahu lehen ministro israeldarrak eta Mahmoud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak bake elkarrizketekin jarraituko dutela agindu dute; datorren irailaren 14an eta 15ean batzartuko dira berriro.

Netanjahu eta Abbas bi orduz bildu dira eta datorren irailaren 14an eta 15ean bake elkarrizketekin jarraitzeko erabakia hartu dute; gero, hamabost egunean behin bilduko dira "gatazkari amaiera jartzeko eta bake egonkor bat lortzeko".

George Mitchell AEBetako ordezkaria bake elkarrizketetan aditzera eman duenez, "arrakastaz" hasi dira bake elkarrizketak.

Dena den, elkarrizketek arrakastatsuak izateko, "modu pribatuan" eta zuhurtziaz jokatu beharko dute.

"Hainbat gairen inguruko eztabaida luzea eta onuragarria izan da", azaldu du. "Netanjahuk eta Abbasek negoziazioei fede onez eta ganoraz" ekingo dietela esan du Mitchellek.

Bilera baino lehen

20 hilabeteko isilunearen ostean, Benjamin Netanjahu lehen ministro israeldarra eta Mahmoud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea Etxe Zurian bilduta daude Ekialde Hurbileko bake prozesuan aurrerapausoak izateko.

Hillary Clinton AEBetako Estatuko idazkaria ere 16:00ak aldera hasi den bileran dago. Estatuko Departamenduko areto batean daude eta batzarrak hiru ordu iraungo dituela aurreikusi dute.

Bileraren aurretik, agintari biekin batera agerraldia egin du AEBetako diplomazioaren buruak eta haien elkarrizketarako gogoa txalotu ez ezik, Arabiako Ligaren babesa eskatu du negoziaketetan aurrepausoak lortzeko eta oztopo nagusiak "urtebeteko epean" konpontzeko.

Israeleko lehen ministroaren esanetan, bake "iraunkorra" ezartzeko "alde biek" amore eman behar dute eta Israel horretarako prest dagoela adierazi du.

Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, bere aldetik, Gazako Zerrendaren blokearekin amaitzea eta juduen asentamenduak eraikitzeari uztea eskatu dio Israeli.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea