Mundua -
Elkarrizketa
Kubako ereduak ez duela 'funtzionatzen' aitortu du Fidel Castrok
AEBetako kazetari batek ziurtatu du Kubako presidente ohiak kritika hori egin duela elkarrizketa batean, baina, ondoren, ez ziola ondo ulertu gaineratu du.
Erredakzioa
Fidel Castro Kubako presidente ohiak aitortu du herrialdeko eredu ekonomikoak ez duela jada "funtzionatzen", "ezta guretzat ere", AEBetako kazetari batek jakinarazi duenez.
Jeffrey Goldberg The Atlantic aldizkariko berriemailea Castrorekin izan zen, eta bart elkarrizketaren bigarren zatiaren zehetasun batzuk aurreratu ditu bere blogean. Tarte horretan, presidente ohiak uhartearen eredu ekonomikoa izan du hizpide.
Goldbergek eredu hori oraindik ere esportatzeko modukoa den galdetu dionean, hark zera erantzun dio: "Kubako ereduak jada ez du funtzionatzen, ezta guretzat ere". Dena dela, kazetariak ez du hitzoi buruzko azalpen gehiagorik eman.
Gainera, Goldbergek onartu du "askotan" Castroren hitzak ulertzeko zailtasunak izan zituela, eta esaldi hori, hain justu, elkarrizketara joan zen interpretearekin kontsultatu behar izan zuela. Julia Sweig Kanpo Harremanetarako Batzordeko kidea zen interpretea.
Goldbergen arabera, Sweigek argitu zion Castrok ez zituela errefusatu Iraultzaren "ideiak", baizik eta kritikatu egin zuela Estatuak "zeregin handiegia" duela Kubako eredu ekonomikoaren barruan.
Are gehiago, interpreteak uste du Fidelen helburua Raul anaiari (egungo presidentea) erreformak egiteko bide ematea zela, gerta bailiteke Alderdi Komunistako ortodoxoenak haren aurka agertzea.
Azken erreformetan, Raul Castrok negozio pribatu txikiak baimendu zituen, eta argi berdea eman zien atzerriko inbestitzaileei Kubako etxegintza sektorean parte hartzeko.
Goldbergek egindako elkarrizketa lehena izan da Fidel Castrok 2006ko uztailean agintea utzi zuenetik.