Mundua -

Etorkinak

Ijitoen kanporatzea "eteteko" exijitu dio Europak Frantziari

Europako parlamentarien errietari erantzun dio Frantziak eta ijitoen kanporaketak etengo ez dituela adierazi du. Era berean, Europako Parlamentuak bere eskumenak gainditu egin dituela esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ijitoen kanporatzea "berehala eteteko" exijitu dio gaur Europako Parlamentuak Frantziari. Sarkozyren Gobernuak martxan jarritako politika horren aurrean "kezkatuta" daudela adierazi dute Europako parlamentariek.

Ebazpena aldeko 337 botoekin onartu dute. 245 ordezkarik kontra bozkatu dute, eta 51 abstenitu egin dira.&' || 'nbsp;Sozialistek, liberalek, berdeek eta komunistek sustatutako proposamena izan da, Nicolas Sarkozyren politika salatzeko. Europako Batzordeak izan duen erreakzioa "berandu" etorri dela kritikatu dute.

Frantziako Gobernuaren politika bezalakoek "xenofobia" eta "eskuin muturreko taldeen erasoak" sustatzen dituztela esan dute Europako Parlamentuan.

Aurtengo martxoa eta abuztua bitartean "ehunka" ijito kanporatu dituztela salatu du Parlamentuak, eta Oinarrizko Eskubideen Europako Gutunak "kanporaketa masiboak" debekatzen dituela gogoratu dute.

Kasuak "banan-banan" aztertu ezean, Europako arauak "urratu" egiten direla nabarmendu dute, eta etnia edo nazionalitateari begira kanporatzeak egitea debekatuta dagoela esan dute parlamentariak.

Frantziak, berriz, kanporaketak "banan-banan" aztertzen dituela berretsi du. Europako Batzordeak egiaztatu beharko ditu, baina Europako diputatuek zalantzan jarri dituzte Sarkozyren Gobernuak egindako adierazpenak.

Frantziaren erantzuna

Europako parlamentarien errietari erantzun egin dio Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroak eta ijitoen kanporaketak bertan behera utziko ez dituztela adierazi du. Era berean, Europako Parlamentuak bere eskumenak gainditu egin dituela esan du Bessonek.

"Jatorrizko herrialdeetara kanporaketak etetea baztertu du Frantziak, errumaniarrak, bulgariarrak edo beste herritarrak izan", adierazi du Bessonek Bucaresten, RTL irratian egindako adierazpenetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea