Mundua -

I-11ren urteurrena

Korana erretzeko mehatxua bertan behera utzi du apaiz protestanteak

Mundu osoan bere ekimenaren aurkako kritikak ugaritu ostean erabakia iragarri du Terry Jones apaizak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terry Jones apaizak datorren larunbatean Koranaren kopiarik erreko ez duela iragarri du gaur. 2001ko irailaren 11n gertatutako atentatuen urteurrena gogorarazteko ekimen hori aurrera eramatekoa zen artzain protestantea, baina azkenean bertan behera utzi du.

Mundu osoan bere ekimenaren aurkako kritikak ugaritu ostean erabakia iragarri du Jonesek, Gainesvilleko (Florida) elizan emandako prentsaurrekoan.

New Yorkeko "zero zonan" eraikitzekoa zen meskita beste toki batera lekualdatzea onartu du bertako imanak, apaizaren hitzetan, horregatik Korana erretzeari uko egin dio. Jonesek ez du kazetarien galderarik onartu prentsaurrekoan.

Hala ere, New Yorkeko imanak meskita beste toki batean eraikitzea onartu duenik ezin izan dute baieztatu oraindik.

Obama

Ordu batzuk lehenago, Floridako apaizaren plana Al Kaida borrokalari berriak errekrutatzeko erabiltzen ari dela ohartarazi du Barack Obama AEBetako presidenteak. Horregatik, erabakia berriz hausnartzeko eskatu dio erlijio-gizonari Obamak.

"Al Kaidarentzat mauka da hau", adierazi du Obamak ABC katean egindako elkarrizketan. "Indarkeria-bolada izan daiteke Pakistanen edo Afganistanen. Horrek Europako edo Amerikako hirietan eraso suizidak egiteko prest egon daitezkeen borrokalarien errekrutatzea areagotu dezake", aurrikusi du.

"Proposatzen ari dena Amerikako balioen erabat aurka doa, herrialde hau askatasun eta tolerantzia erlijiosoaren gainean eraiki delako", azpimarratu du Obamak ''Good Morning America'' saioan.

Interpolaren alerta

Bestalde, AEBetako apaizaren planak direla-eta "erasoak izateko arrisku handia" dagoela iragarri du Interpolek.

Alerta nazioarteko Polizia erakundearen 188 herrialdeei helarazi die, Pakistango agintariek hala eskatuta, komunikatu batean jakitera eman dutenez.

Floridako eliza txikiko apaizaren egitasmoarekin lotu ditu "errugabeen aurkako" eraso posible horiek Interpolek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea