Mundua -
Kuba
Fidel Castro: 'Kapitalismoa da dagoeneko balio ez duena'
Kapitalismoaren gabeziak salatu ditu Kubako presidente ohiak eta bere buruari galdetu dio: "Nola balioko dio horrelako sistema batek Kuba bezalako herrialde bati?".
Erredakzioa
"Sistema kapitalistak dagoeneko ez du balio AEBentzat, ezta munduarentzat ere", Fidel Castro Kubako presidente ohiaren hitzetan. Atlantic Magazine AEBetako aldizkariari emandako elkarrizketan "gaizki ulertu" zutela esan du Castrok.
Habanako Unibertsitatean bere liburu berria aurkeztu du buruzagi ohiak eta kapitalismoaren gabeziak salatu ditu. Era berean, bere buruari galdetu dio: "Nola balioko dio horrelako sistema batek Kuba bezalako herrialde bati?".
The Atlantic aldizkarian iragan asteazkenean argitaratutako adierazpenak mintzagai izan ditu Iraultzako buruzagiak. Izan ere, munduari bira eman zioten adierazpen horiek. Kubak bere estatu eredua esporta dezakeen galdetu zioten Castrori: "Ereduak dagoeneko guretzako ez du funtzionatzen", erantzun zuen.
Esaldia
Esaldi hori "kezka eta saminik gabe" esan zuela onartu du gaur Castrok, baina "kazetariak nola interpretatu zuen ikustea dibertitu" zuela erantsi du, "teoria osatu eta bere horretan azaldu zuelako".
"Nire erantzuna bi kazetari estatubatuarrek ulertu zutenaren guztiz kontrakoa izan zen", azaldu du Castrok. Ondoren kapitalismoaren porrotari buruzko tesi ezagunak errepikatu ditu Kubako presidente ohiak.
"Mundu guztiak dakien bezala, sistema kapitalistak AEBentzat eta mundu guztiarentzat balio ez duela uste dut, izan ere, krisitik krisira daramatza gero eta sarriago", gaineratu du Fidel Castrok.