Mundua -

Tabakoa

New Yorkeko alkateak parke eta hondartzetan erretzea debekatu nahi du

Neurria parkeetan, hondartzetan, kaietan eta oinezkoentzako guneetan aplikatuko da, baina Udalbatzak onartu behar du oraindik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko alkateak, Michael Bloombergek, urrats bat gehiago egin du tabakoaren kontrako borrokan. Hiriko parkeetan eta hondartzetan erretzea debekatu nahi duela iragarri du. Egun arte, legeak lantokietan eta leku itxietan zuen eragina.

Bloombergen arabera, "zientziak argi esan du: tabakoaren keak (gune irekietan zein itxietan) kalte egiten dio osasunari ".

Oraindik Udalbatzaren onespena jaso behar duen neurri polemiko horrek batez ere parkeetan izango du eragina. Horietako bat Central Park dugu; bertakoek eta turistek "piknikak" egin ohi dituzte bertan, eta baita zigarroren bat edo beste erre ere.

Hiriko beste gune ezagun batzuk ere, Times Square edo Coney Islandeko itsasertzeko pasealekua esaterako, kerik gabeko gune bihurtuko dituzte. Kaietan eta oinezkoentzako guneetan ere sartuko da indarrean neurri hori.

Alkatearen esanetan, New Yorkeko biztanleek toki publikoetan erretzeari uzteko nahi horrek beste helburu bat ere badu: hondartzetako harea hautsontzi moduan erabiltzen ez jarraitzea nahi dute.

Udaletxeak kaleratutako datuen arabera, newyorktarren % 57k kotinina (nikotinaren eratorri bat) maila altuak dituzte odolean. Horrek argi erakusten du euren gorputzean arrastoa uzteko beste arnastu dutela tabakoaren kea.

Scott Santarella New Yorkeko Birikaren Elkarte Estatubatuarraren presidenteak adierazi duenez, lege-egitasmoak "kutsadura murriztuko du, biztanle askoren bizitza salbatuko du eta parkeak eta hondartzak izan behar diren atsedenleku osasungarri bihurtuko ditu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea