Mundua -

Parlamenturako hauteskundeak

Botoak zenbatzeko eguna, Afganistanen

-11 milioi afganiar deitu dituzte botoa ematera eta deitutakoen % 40k eman du botoa.
-42 pertsona hil eta 107 zauritu dira.-Talibanek gutxienez 389 hauteslekuren kontrako erasoak egin dituzte.

81

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruzurra eta parte hartze urria salatu dituzte Afganistango Parlamenturako hauteskundeetan. Giro horretan, Hauteskunde Batzordeak atzoko hauteskundeetako botoak zenbatzeari ekin dio, erakunde horren bozeramaile batek Eferi jakinarazi dionez.

Iturri ofizialen arabera, boto-emaileen % 40k eman du botoa. Datu hori, baina, behin-behinekoa da; izan ere, 4.632 hauteslekuren datuak hartu dituzte kontuan, eta 5.816 dira guztira.

11,4 milioi herritar deitu zituzten atzo Afganistanen botoa ematera. 2.507 hautagaien artean, 398 emakume tartean, aukeratu behar zituzten Parlamentuko 249 kideak. Hauteslekuak goizeko zazpietatik arratsaldeko laurak arte egon ziren irekita.

Matxinoek boikoterako deia egin eta gero, talibanek gutxienez 389 hauteslekuren aurkako eraso "larriak" egin zituzten, Afganistaneko Hauteskunde Aske eta Bidezkoen Fundazioak jakinarazi duenez.

Erasoak nagusi, hauteskunde egunean

Segurtasun eza eta erasoak nonnahi nagusi izan ziren atzoko hauteskunde egunean. Afganistango Gobernuko datuen arabera, 42 hildako eta 107 zauritu izan ziren. Hain zuzen, 11 zibil, 3 polizia, militar 1 eta 27 ustezko matxino hil ziren, eta 107 zaurituetatik 45 zibilak ziren.

2009ko iruzurrezko hauteskundeak

Azken asteetan, Amnistia Internazionalak eta Giza Eskubideen Behatokiak esan dutenaren arabera, Afganistan ez dago hauteskundeetarako prest. Bederatzi urte daramatzate gerran, eta segurtasun eza eta hauteskunde sistemarekiko mesfidantza dira nagusi.

Iazko presidentetzarako hauteskundeak oso gaizki egin zituzten, eta, aurten ere, iruzurraren arriskua dago.

"Hauteskunde hauek ez dira perfektuak izango", esan zuen atzo Stafan de Mistura NBEko Misioaren buruak, baina "aurrekoak baino askoz hobeak izango direla ematen du", gaineratu zuen.

De Misturak gogora ekarri zuenez, Kai Eide kargutik kentzea ekarri zuten presidentziarako 2009ko hauteskundeak. Orduan, botoen herena baliogabetu behar izan zuten, eta eskandalu hori isiltzea egotzi zioten Kai Eideri.

Azkenean, Hamid Karzaik irabazi zituen iazko hauteskundeak; zenbaketak berriro egin eta gero, ikerketak abiatu zituzten eta hautagaiek AEBei eta NBEri prozesua manipulatu izana leporatu zioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea