Mundua -

Atentatu mehatxua

Frantziak segurtasun neurriak indartu ditu, eraso terroristen beldur

Brice Hortefeux Barne ministroaren arabera, mehatxua ez da inoiz hain handia izan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak terrorismoari aurre egiteko neurriak indartu ditu, garraio publikoetan bereziki, atentatu suizidak izateko mehatxua dagoelako, Poliziaren arabera.

Ostegunetik, nabarmen handitu da kaleetan (geltokietan bereziki) segurtasun indarren presentzia, eta soldaduak ere ikusten dira.

RTL irratiaren esanetan, inteligentzia-zerbitzuek emakume batek atentatu suizida bat egiteko mehatxuaren berri izan ostean handitu dituzte segurtasun-neurriak.

Barne Ministerioak ''Vigipirate'' terrorismoari aurre egiteko plana indartzea erabaki zuen horren ondorioz, eta, besteak beste, kaleetan agente-kopurua handitzea ekarri du horrek.

Brice Hortefeux Barne ministroaren arabera, Frantzian atentaturen bat jasateko arriskua ez da inoiz hain handia izan. Hori dela eta, egunotan egin behar zuen bidaia bat bertan behera utzi eta Parisen geratzea erabaki du, egoera bertatik bertara jarraitzeko.

RTL irratitik adierazi dutenez, Frantziako ordena-indarrek mobilizatuta jarraitzen dute, eta inteligentzia-zerbitzuak ustezko kamikazearen bila ari dira. Dirudienez, muturreko islamiarra da.

Frantziako agintariek oso serio hartu zuten iragan asteartean izandako bonba mehatxua. Eiffel Dorrea, munduko monumentu bisitatuenetako bat, eta hiriburuko aldiriko trenen geltoki bat omen zituen jomuga.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea