Mundua -
Bilera Sirian
Al Fatak eta Hamasek Palestina adiskidetzeko urratsak eman dituzte
Clinton eta Abbas New Yorken bilduko dira gaur. Palestinako presidenteak ohartarazi duenez, elkarrizketak utziko ditu baldin eta Israelek Zisjordanian asentamenduak eraikitzeari uzten ez badio.
Erredakzioa
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamiarrak eta Al Fatah Palestinako Askapenerako Mugimenduak Palestinako "adiskidetzea lortzeko jarraitu beharreko bidearen eta eman beharreko urratsen inguruko akordioa" lortu dute Damaskon (Siria), ohar bateratu baten bidez jakinarazi dutenez.
Idazkian jasotakoaren arabera, "Palestina adiskidetze aldera Egiptok egindako dokumentuan ezadostasuna eragin zuten puntuak berrikusi eta adostasuna lortu dute horien inguruan".
Palestina adiskidetzeko Egiptok egin zuen planak presidentea eta Parlamentua aukeratzeko hauteskundeak ekainaren 28an egitea proposatzen zuen; Parlamentuko eserlekuen % 75 modu proportzionalean banatzea eta gainerakoak barrutika egitea proposatzen zuen.
Adiskidetzeko behin betiko plana bideratzeko gainerako alderdi palestinarrekin laster bilera bat egitea adostu dute alde biek. Horrez gain, Al Fatak eta Hamasek Egiptoren adiskidetze plana Kairon sinatuko omen dute, eta gaur adostutakoak bertan jasoko dituzte.
Hillary Clintonen eta Abbasen bilera, New Yorken
Hillary Clinton AEBetako Estatu Idazkaria eta Mahmud Abbas Palestinako presidentea gaur gauean bilduko dira New Yorken, Ekialde Hurbileko bake-negoziazioei bultzada bat emateko, Estatu Departamenduko bozeramaile batek jakinarazi duenez.
Abbasek ohartarazi duenez, bakerako elkarrizketak bertan behera utziko ditu baldin eta Israelek Zisjordaniako asentamenduen eraikitzeko lanak atzeratzen ez baditu. Bi urteko isilunearen ostean, irailaren 2an berriz ekin zioten negoziazioari.