Mundua -
Hauteskundeak
Ikusmin handia Venezuelan, hauteskundeetako emaitzen zain
Hugo Chavez presidenteak Parlamentuaren babesa ote duen ebatziko dute bozek. Parte-hartzea oso zabala izan da, % 70ekoa gutxi gorabehera.
Erredakzioa
Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionala bilduta dago hauteskunde parlamentarioen boto-zenbaketa amaitzeko eta lehenengo emaitzak argitaratzeko.
Euskal herrian 00:30 zirenean itxi dituzte hauteskunde eskolak, baina zenbait irekita utzi behar izan dituzte beste bi orduz jendea zain zegoelako ilara egiten.
Botaketak amaituta, hauteskundeen emaitzen ikusmina handitzen joan da. Hauteskunde prozesua lasaia izan da, baina hain da garrantzitsua emaitza, pazientzia ere galtzen hasia dela oposizioa. Izan ere, hauteskundeek ebatziko dute Hugo Chavez presidenteak Parlamentuaren babesa ote duen.
Hauteskunde legeak debekatu egiten du emaitzen eta parte hartzearen datuak aurreratzea, baina Sandra Oblitas Hauteskunde Kontseilu Nazionaleko presidenteordeak jakinarazi du venezuelarrak masan joan direla hauteslekuetara, eta parte-hartzea % 70 ingurukoa izan dela.
Batasun Demokratikoaren Mahaia oposizioko taldeak boto-zenbaketaren atzerapena salatu du eta emaitzen berri ematea exijitu.