Mundua -

Ijitoen kanporatzea

Bruselak ez dio Frantziari espedientea egingo ijitoak baztertzeagatik

Frantziaren kontra urratze-prozedura abiatu beharrean, garrantzi txikiko auzi gisa hartuko dute, 2004an pertsonen joan-etorri askeari buruzko EBren arauaren aplikazio desegokia egotziko diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi orduko eztabaidaren ostean, atzera botatzea eta diskriminazioarengatik Frantziari espedienterik ez egitea erabaki du Europako Batzordeak. Ijitoen kanporatzea udan hasi zuten eta Europako Batzordearen presidenteordea eta Justizia arduradunak, Viviane Redingek, portaera hori mehatxatu zuen.

Batasunak iragarri duenez, Frantziaren jokabidearen aurrean arau-hausterik izan den aztertzeko prozedura bideratu beharrean, garrantzi txikiko auzi gisa hartuko dute azkenean, 2004an EBk pertsonen joan-etorri askearen inguruan kaleratu zuen araudia modu desegokian aplikatzea egotziko baitiote. Parisek urriaren 15a baino lehen bere legegintza zuzenduko duela bermatzen badu, espediente honen irteera geldiarazi daiteke oraindik.

Batzordearen bozeramaileak, Pia Ahrenkildek, Frantziaren partetik "maila gorenean" jasotako bermeetan justifikatu du erabakia; kanporatze neurrien helburua "ez da gutxiengo etniko batean bakarrik arreta jartzea. EBko biztanle guztiak era berdinean tratatu dituzte".

Europako Batzordearen presidenteordea eta Justizia eta Oinarrizko Eskubideen arduradunak, Viviane Redingek, beste aukerarik izango ez duela esan zuen aurreko irailaren 14an, eta urratze-prozedura hasi beharko zuela Frantziaren kontra. Espedienteak pertsonen joan-etorri askearen inguruko zuzentaraua bereizketak eginez aplikatu izana" eta joan-etorri askearen inguruko zuzentarauan jasotako prozedura bermeen transposizioa egin ez izana izango ditu oinarrian.

Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroak eta Pierre Lellouche Europako Gaietarako arduradunak engainatu zutela-eta haserre agertu da komisarioa. Abuztuaren amaieran egindako bilera batean, Bruselan, EBko araudia errespetatzen ari zirela ziurtatu zioten Frantziako ordezkariek, ijitoak baztertzen ez zituztela, alegia.

Gutxi geroago Frantziako Barne Ministerioaren abuztuaren 5eko zirkular polemikoa jakitera eman zuten. Bertan legez kanpoko kanpamendu guztiak desegiteko agindua ematen zieten segurtasun indarrei, ijitoena bereziki.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea