Mundua -
VENEZUELA
Venezuelako Gobernuak amnistia legearen lege proiektua iragarri du
Oposizioko kideei aplikatu dakioken amnistia legea eztabaidatuko du Venezuelako Batzar Konstituziogileak (ANC). Dena den, oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko duten legearen eztabaida.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espetxeratuta dauden oposizioko kideei aplikatu dakioken amnistia legearen lege proiektua iragarri du Venezuelako Batzar Konstituziogileak (ANC, gazteleraz).
Delcy Rodriguez Batzar Konstituziogileko presidenteak egin du iragarpena irratiz eta telebistaz eman duten hitzaldian. Dena den, ez du zehaztu noiz hasiko den legeari buruzko eztabaida Batzar Konstituziogilean.
Rodriguezek azaldu duenez, 2017ko indarkeriaren biktimen senideen hainbat eskaera jaso ditu batzordeak. Gaineratu duenez, "berehala" erantzun diete eta kasu bakoitzean jarraitu beharreko bide penalaren eta prozesu judizialaren berri eman diete.
Venezuelako Gobernuaren arabera, apirila eta uztaila bitartean herrialdean izandako protesta ekitaldietan kaltetuak izan zirenak dira "indarkeriaren biktimak". Protesta horietan 120 pertsona baino gehiago hil ziren.
Bestalde, kartzelan dauden oposizioko hainbat kideren defentsa daraman Venezuelako Foro Penala (FPV) gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, lege horri esker "preso politikoak" kartzelatik ateratzea eta "jazarpen politikoa amaitzea" lortuko da.
Madurok Putinen babesa eta petrolio akordioa ziurtatu ditu
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak Errusiaren babes politikoa eta ekonomikoa ziurtatu ditu. Moskura eginiko bisitan, Maduro Putinekin elkartu da. Bilera horren helburuetako bat OPEP petrolio ekoizleen elkartearen eta ekoizle independenteen arteko petrolio akordioa sendotzea zen.
Nicolas Maduro eta Vladimir Putin, Moskun. Argazkia. EFE