Mundua -
Klima aldaketa
Gasolina bidezko autoak 2030. urterako debekatu nahi ditu Parisek
Gainera, diesel bidezkoak 2024rako izan nahi ditu debekatuta. Urte horretan hartuko ditu Parisek Olinpiar Jokoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Parisko Udalak gasolina bidezko ibilgailuak debekatu nahi ditu 2030. urterako, eta diesel bidezkoak 2024rako, Ingurumen zinegotziak, Christophe Najdovski ekologistak, iragarri duenez.
"Epe luzerako estrategia diseinatzen ari gara negutegi efektuko gasak murrizteko", azaldu du Najdovskik. "Garraio sektorea da negutegi efektuko gas eragile nagusietakoa [...]; horrenbestez, konbustio motorrak eta erregai fosilak 2030. urterako debekatzea planifikatzen ari gara", gaineratu du France Info irrati katean egindako adierazpenetan.
Parisen klima aldaketaren aurkako azken itun handia sinatu zuen nazioarteak. Gainera, Frantziako hiriburuak Olinpiar Jokoak hartuko ditu 2024an.
Azken 15 urteetan, ibilgailu pribatuen erabilera % 30 jaitsi da, bizikletak eta ibilgailu elektrikoak alokatzeko zerbitzuak indarrean sartu zirenetik.
Hala ere, kutsadura mailak goia jo zuen iaz, eta agintariek mugak ezarri behar izan zituzten ibilgailuen zirkulazioan.