Mundua -
Zirkulazioa
18 hildako Varsovian, kamioi batek eta furgoneta batek talka eginda
Baliteke behe-lainoagatik, abiadura azkarragatik eta izotzaren eraginez labainkor zegoen lur-zoruagatik gertatzea istripua.
Erredakzioa
18 lagun hil dira gaur Varsovia hegoaldetik 80 kilometrora izandako errepide istripuan, kamioi batek eta furgoneta batek aurrez aurre talka eginda. Hildakoak, furgonetan, lanerako bidean, zihoazen bidaiariak dira. Hiriburuaren hegoaldean izan da ezbeharra, Nowe Miasto nad Pilica herrian.
Poloniako Poliziaren ustez, baliteke behe-lainoagatik, bi ibilgailuen abiadura azkarragatik eta izotzaren eraginez -zero gradu azpitiko tenperatura zegoen istripua izan denean- labainkor zegoen lur-zoruagatik gertatzea istripua. Dena dela, furgoneta kontrako bidean sartu da.
Furgonetan 18 lagun zihoazen lanera. Magdalena Siczek-Zalewska Poloniako Polziaren trafikoko bozeramaileak adierazi duenez, ibilgailu mota horretarako jende gehiegi zihoan.
Eskualdeko Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez, furgoneta merkantzien garraiorako ibilgailua zen, baina bidaiariak garraiatzeko egokituta zegoen. Dena dela, jesarleku ilara finko bakarra zuen. Ondorioz, ez&' || 'nbsp; zegoen denentzako segurtasun gerrikorik eta bidaiari batzuk zutik edo lurrean jesarrita bidaiatzen ari zirela argitu du.
Egokitutako ibilgailu horiek oso ohikoak dira Polonian eta Europa Ekialdeko gainerako herrialdeetan.
''Abiadurari erreparatzeko eguna'' dute Polonian eta hain justu herrialdean inoiz izandako errepide istripu handienetakoa izan da gaurkoa.
Trafiko istripuen ondorioz, Europar Batasuneko heriotza-tasarik handiena du Poloniak. Joan den asteburuan, berbarako, 33 lagun hil ziren 350 errepide istriputan, gehienak gehiegizko abiaduragatik edo alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.