Mundua -
Erreskatearen ostean
Txileko meatzarien baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu du Piñerak
Erreskatatutako meatzarien aurrean, lan-baldintzak hobetuko dituela agindu du Txileko presidenteak. Horretarako, datozen asteetan "langileekin akordio berri batera" helduko dira.
Erredakzioa
Erreskatatutako 33 meatzariak bisitatu ditu gaur Sebastian Piñera Txileko presidenteak eta urriaren 25ean, Monedako Jauregian, harrera egingo dietela iragarri du. Beraiek lan egindako "baldintza arriskutsuetan eta jasanezinetan" aurrerantzean inork lan ez egiteko konpromisoa hartu du Txileko presidenteak.
Gainera, Monedako Jauregia bisitatzen duten meatzariek futbol partida bat jokatuko dute funtzionarioen selekzio baten aurka, Gobernuaren egoitzan.
Meatzariak asteartetik asteazkenera erreskatatu zituzten, 70 egun 700 metroko sakoneran pasa ostean, San Joseko kobre meategian, Txileko iparraldean. Meatzarien aurrean, lan-baldintzak hobetuko dituztela agindu du Piñerak.
San Jose meategiko "baldintza arriskutsuetan eta jasanezinetan" aurrerantzean inork lan egitea saihestuko duela azaldu agintariak. Izan ere, araudiak ezarritako derrigorrezko bi ihesbideak ez zituen meatokiak.
Horretarako, datozen asteetan "langileekin akordio berri batera" helduko direla iragarri du Piñerak, bertan lan-araudia eta fiskalizazio prozedurak berriz aztertuko dituztelarik, "garatutako herrialdeen mailan jartzeko".
Meatzariak azkar sendatzen ari dira
Langileak bisitatu eta gero, meatzean bizi zutena azaltzeko meatzari batek parodia bat egin diola azaldu du Piñerak. Zenbait meatzari Copiapoko ospitaletik gaur bertan atera daitezke.
Piñeraren esanetan, "bakoitzak bere papera bete zuen", Jose Henriquez 33 meatzarien "buruzagi espirituala" zen, Yonni Barriosek erizain lana bete zuen eta Luis Urzua taldeko buruzagia izan zen.
Erreskatatu ostean, Luis Urzuak honakoa esan zion presidenteari: "Hau ez da sekula errepikatu behar", Piñerak berak azaldu duenez.
Erreskatearen kostuari dagokionez, "10 eta 20 milioi dolar bitartean" inbertitu behar izan dituztela aurreratu du Piñerak.