Mundua -
Iruzkina
Eskuin muturraren programa gailenduko da Herbehereetan
Bi alderdien arteko koalizio-gobernua dago, baina bi alderdi horiek bat eginda ere, ez dira gehiengora heltzen, ezta gutxiago ere. Horregatik, Askatasunaren Alderdiaren babesa onartu dute.
Jesus Torquemada
Europako herrialdeen artean, Herbehereetan nabarituko da modu konkretu batean muturreko eskuinak hauteskundeetan bizi duen gorakada. Atzo eratu zen gobernu berria, eta bere programan eskuin muturreko ideien eragina sumatzen da.
Bi alderdien arteko koalizio-gobernua da: demokristauen eta liberalen artekoa. Baina bi alderdi horiek bat eginda ere, ez dira gehiengora heltzen, ezta gutxiago ere. Horregatik, Parlamentuan Askatasunaren Alderdiaren babesa onartu dute, Geert Wildersen eskuin muturreko alderdiarena hain zuzen ere.
Gobernuan ez da alderdi horretako ministrorik egongo, baina Gobernuak eskuin muturreko diputatuen botoak izango ditu. Horiei esker, gehiengoa daukate, baina oso gehiengo estua: eserleku bakar batekoa.
Hori lortzeko, ordainetan, koalizioak onartu egin behar izan ditu Askatasunaren Alderdiaren eskakizun asko. Besteak beste, etorkin gehiago ez onartzea, dagoeneko Holandan daudenek euren senitartekoak ekartzea debekatzea, burka galaraztea eta etorkinei "holandar hiritartasuna" izeneko irakasgaia derrigorrez ematea eurek ordainduta.
Suitzan, Austrian, Norvegian edo Danimarkan gertatu daitekeenaren seinalea da hau. Herrialde horietan eskuin muturreko alderdiak gobernuan sartzeko moduko emaitzak lortzen ari dira, eta barrutik ez bada, bai behintzat kanpotik modu erabakigarrian eragiteko modukoak.