Mundua -

Palestina-Israel gatazka

Israelen aurka 'intifada' berri bat egitea eskatu du Hamasek, Trumpen erabakiagatik

Salatu duenez, Trumpek Jerusalemen inguruan egindako iragarpena "Palestinako koroaren diamantearen aurka zuzendutako gerra deklarazioa izan da".

Gazte bat harriak jaurtitzen Armada israeldarraren aurka. Argazkia: EFE
Gazte bat harriak jaurtitzen Armada israeldarraren aurka.
Gazte bat harriak jaurtitzen Armada israeldarraren aurka. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamas 2007tik Gazako Zerrenda kontrolatzen duen talde islamistak Israelen aurka altxatzeko deia egin du gaur, osteguna, Donald Trumpek Jerusalem hiriburu israeldar gisa aitortzeko erabakia iragarri eta hurrengo egunera. Nazioartea aurka azaldu da ia bere osotasunean, AEB eta Israel izan ezik.

"'Intifada' berri bat deitu beharko genuke eta horretarako lanean hasi, etsai sionistaren aurka", esan du Ismail Haniye Hamaseko buruzagiak, Gaza Hirian egindako hitzaldi batean.

"Erabakiak hartu eta estrategia berri bat diseinatu behar dugu, Palestinaren aurkako konplotari aurre egiteko", esan du. "Palestina Agintaritza ausarta izan behar da Osloko Ituna eta horren moduko akordioek palestinarrei ezartzen dizkieten baldintza arbitrarioak alde batera uzteko".

Era berean, "gertaera horren aurrean", Haniyek bere jarrera berretsi egin du: "Ez da Palestinako lurraldean egindako okupazioaren legitimazioa aitortuko", Haaretz egunkariak aireratu duenez.

"Politika sionistarekin, Estatu Batuetako babesa duela, jarduteko modu bakarra okupazioaren aurkako intifada berri bat sustatzea eta okupazio horren aurkako erresistentziari ongi etorria ematea da", gaineratu du, altxamendu hitza erabiliz.

Halaber, Trumpek Jerusalemen inguruan egindako iragarpena "Palestinako koroaren diamantearen aurka zuzendutako gerra deklarazioa izan da", eta, salatu duenez, oker dabiltza palestinarrek Estatu Batuek adierazitako politika berriarekin bat egingo dutela uste dutenak.

Ismail Haniye, Hamaseko buruzagia. Argazkia: EFE

Ismail Haniye, Hamaseko buruzagia. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Gazako bideoak Gaurko azken ordukoa Trump gaur Israel albisteak Palestina albisteak Hiri Santua azken ordukoa Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?