Mundua -
Bi protesta egun
Erreformen aurka protesta berriak deitu dituzte Frantziako sindikatuek
Pentsioen erreformaren aurka greba deitu dute urriaren 28rako, eta frantziarrak azaroaren 6an manifestaldietan parte hartzera animatu dituzte sindikatuek.
Erredakzioa
Gobernuaren pentsioen erreformaren aurka protesta egiteko beste bi jardunaldi deitu dituzte Frantziako sindikatuek, Parisen bildu ostean iragarri dutenez. Protestak urriaren 28an eta azaroaren 6an izango dira.
Gobernuaren egitasmoaren aurka greba deitu dute urriaren 28rako, eta frantziarrak azaroaren 6an manifestaldietan parte hartzera animatu dituzte sindikatuek.
Azken grebaz geroztik bi egun pasa baino ez direnean, sindikatuek bilera egin eta erabaki hori hartu dute Frantziako hiriburuan. Bien bitartean, sektore batzuetan lanuzteek jarraitzen dute, besteak beste, erregaien horniketan.
Zigor gogorrak
Bestalde, Nikolas Sarkozy Frantziako presidentearen hitzetan, erretiro-pentsioen aurkako manifestazioetan iskanbila sortu eta erregaien garraioa blokeatzen duten lagunak gogor zigortuko dituzte.
Erretiro-pentsioa luzatzeko Gobernuaren proiektuaren aurka egindako zenbait manifestazioren bukaeran gazte iskanbilatsuen eta ordena-indarren artean eman diren liskarrengatik haserre agertu da Sarkozy, eta "eskandaluzkoa" dela esan du.
"Indarkeria erabiltzen dutenek ez dute azken hitza izango", ohartarazi die.
Azken emaitzen arabera, 35 lagun atxilotu zituzten atzo, eta 85 bezperan, ordena-indarrekin izandako liskarren ostean.
Halaber, Sarkozyk hitz gogorrak izan ditu erregaien biltegiak blokeatu dituzten sindikalistentzat; izan ere, blokeo horiek hornidura arazoak sortu dituzte milaka gasolina-zerbitzugunetan.
"Inork ez du herri bateko ekonomia bahitzeko eskubiderik", esan du presidenteak. Asteartean gasolina-zerbitzugunetako biltegiei blokeoa kentzeko agindu zuen.
Sektorearen arabera, egoera hobetu egin da erabaki hori hartu zenetik, baina oraindik egun batzuk beharko dira egoera normaltasunera itzultzeko.
Guztira, 2.790 gasolina-zerbitzugunek jarraitzen dute gaur erregairik gabe, Jean-Louis Borloo Ekologia ministroaren arabera. Atzo, 3.181 ziren erregairik gabe zeudenak.
Erretiro-pentsioak erreformatzeko asmoa berretsi du presidenteak: "Gazteei bere belaunaldiko zorra pilatua ez uzteko", gaineratu du.