Mundua -
Txile
Meatzariek San Jose meategia berrireki zutenei salaketa jarriko diete
Erreskatatu zituztenetik astebete pasa denean, meategiaren jabeak eta erakunde publikoak tribunaletara eramango dituzte, arrisku oharrei kasurik ez egiteagatik.
Erredakzioa
Atacamako 33 meatzariek meategiko jabeak eta 2008an berriro irekitzea erabaki zuten erakunde publikoak auzitara eramango dituzte, beharrezko segurtasun neurriak bete ez arren meategia berriro martxan jartzeagatik.
Edgardo Reinoso abokatuaren esanetan, meatzariek "meategiaren jabe den San Esteban aurkako salaketa bakarrik ez, zuzenbide publikoan ardura duten erakundeen kontrako salaketa ere egitea erabaki dute, horien artean, Meatzaritza eta Geologia Zerbitzu Nazioanala (Sernageomin) eta Lan Zuzendaritza".
Abokatuak azaldutakoaren arabera, Atacamako 33 meatzarien ekimena Camila Merino Lan ministroaren adierazpenetan oinarritzen da. Merinoren hitzetan, Gobernuak "meategia ez irekitzea gomendatzen zuten aurrekariak" zituen.
Ikerketaren helburua erantzukizunak argitzea da. Horrekin batera, langileek entzuten zituzten zaratak direla eta, istripua gertatu baino hiru ordu lehenago meategitik ateratzea eskatu eta arduradunek ezezkoa eman zietela egiaztatzen saiatuko dira. Azkenean, 69 egun pasa zituzten 700 metroko sakoneran harrapatuta.