Mundua -

Leherketa Manhattanen

Lau pertsona zauritu dituzte New Yorken izandako atentatu saiakera batean

Ustezko egilea Akayed Ullah (27 urte) dela baieztatu dute hiriko agintariek emandako prentsaurrekoan.

Leherketa Manhattanen. Argazkia: EFE.
Lau pertsona zauritu dituzte New Yorken izandako atentatu saiakera batean

1:25

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New Yorkeko suhiltzaileek baieztatu dutenez, lau pertsona zauritu dira hau hiriko autobus-geltoki nagusian izandako leherketa batean.

"Atentatu saiakera"ren (hala deitu du Bil de Blasio alkateak) ustezko egilea Akayed Ullah (27 urte) dela baieztatu dute hiriko agintariek emandako prentsaurrekoan. Larrien zauritu den pertsona dela ere argitu dute.

Hasieran zauritu bakarra zegoela jakinarazi dute: aldean zeraman lehergailua eztandarazi duen gaztea. Ondoren, ordea, lau pertsona zauritu direla adierazi dute agintariek.

Ez dute zauritutako biktimen larritasunaren berri eman. Halaber, ez dute zehaztu leherketaren ondorioz zauritu diren, edo jendea ihes irten denean.

NEW YORK EZTANDA EFE

New Yorkeko Portuko Agintaritzako autobus-geltokia. Argazkia: EFE

Bertako komunikabideek zehaztu dutenez, susmagarriak bigarren lehergailu bat zeraman soinean, baina ez du eztandarik egin. Hala ere, iturri ofizialek ez dute baieztatu.

Gertakaria 08:00etan (13:00 GMT) jazo da, lanera joateko puntako orduan, alegia.

Poliziak bertara ez hurbiltzeko gomendioa eman du, eta Times Squareko eta autobus geltokitik pasatzen den metro zerbitzua bertan behera geratu da.

Polizia batek jakitera eman duenez, "Portuko Agintaritzaren azpian leherketa bat izan da, metroan. Hori da oraingoz guztia".

"Ihesaldia izan da eskaileretatik", azaldu du Diego Fernandez bidaiariak. "Mundu guztia ikaraturik, korrikan eta oihuka ari zen", erantsi du.

Etxe Zuriak Kongresuari egotzi dio atentatuaren errua

Sarah Huckabee Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Kongresuari egotzi dio New Yorkeko atentatuaren errua, Donald Trump presidente estatubatuarrak migrazio politikak gogortzeko egindako proposamena ez babesteagatik. "Kongresuak zerbait egin izan balu, halakorik ez litzateke gertatuko", adierazi du Sandersek kazetarien aurrean.

Donald Trump AEBko presidenteak gaur ziurtatu duenez, migrazio politika aldatzea "premiazkoa" da. Trumpen esanetan, ustezko erasotzailea familia bateratzeko bisa bati esker sartu zen AEBn.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 New York albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Gaurko azken ordukoa