Mundua -

Venezuela

Chavismoak garaipen zabala lortu du udal hauteskundeetan

Jokoan ziren 335 udaletatik 305 eskuratu ditu; oposizioak, 25. Oposizioko lau alderdi nagusietatik hiruk ez dute bozetan parte hartu.

Nicolas Maduro bozkatzen, igandeko hauteskundeetan. EFE
Nicolas Maduro bozkatzen, igandeko hauteskundeetan. EFE
Nicolas Maduro bozkatzen, igandeko hauteskundeetan. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Chavismoak aise irabazi ditu igandeko udal hauteskundeak: jokoan ziren 335 udaletatik 305ean gailendu da. Botoen % 100 zenbatuta, behin betiko emaitzak jakinarazi ditu Hauteskunde Batzorde Nagusiak. Gainerako 30 alkatetzetan, 25 oposizioaren esku geratu dira, eta bost, "tokian tokiko plataformen" esku.

"Oraintxe iragarri behar dut... Indar iraultzaileek, Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak (PSUV, gaztelaniaz) eta Polo Patriotiko Handiak (GPP), 335 alkatetzetatik 305 eskuratu dituzte, hau da, % 91", jakinarazi du Madurok Gobernuaren jauregitik.

"Horrelaxe geratu da mapa: gorri-gorri. Borondate nazionala, popularra eta iraultzailea", esan du pozarren.

Oposizioko lau alderdi nagusietatik hiruk ez dute bozetan parte hartu nahi izan; izan ere, horien ustez, Hauteskunde Kontseilu Nazionala "iruzurrezko erakunde bat da".

Parte-hartzea % 47,36koa izan da, "9.281.257 pertsonak eman dute botoa", eta horietatik 6.517.605ek PSUVren alde egin dute, eta 2.749.778k, gainerako indarren alde.

335 alkatetzak ez ezik, Zulia estatuko gobernadorea ere aukeratu zuten igandean herritarrek. Hautagai chavistak irabazi du bertan.

Hauteskundeetan parte hartu ez duen alderdietako batek "izurra" salatu du. Horren aurrean, hauteskundeak ikuskatzera joandako Hego Amerikako Hauteskunde Adituen Kontseiluko kideen esanetan, bozek "nazioarteko estandarrak eta Venezuelako araudia bete dituzte".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Eguneko albisteak Venezuela Nicolás Maduro