Mundua -
Aaiun (Mendebaldeko Sahara)
41 saharar kolpatuta, kanpaleku batean egindako protesta babesteagatik
Marokoko segurtasun indarrek kanpalekua setiatu dute eta ez dute elikagaiak, ura eta sendagaiak sartzen uzten. 20.000 lagun daude bertan, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko protestan.
Erredakzioa
Segurtasun indar marokoarrek 41 saharar zauritu dituzte "emakumeak, haurrak eta adindunak barne", Aaiuneko kanpaleku batean (Mendebaldeko Sahara), Lurralde Okupatuetako Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren Ministerioak salatu duenez.
Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko eta Marokok 1975ean okupatutako lurraldean bizi diren sahararren bizi-baldintzak salatzeko, 20.000 pertsona bildu dira eta saharar talde bat eurekin bat egitera zihoanean, kolpatu egin dituzte.
Kanpalekuaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, urriaren 9an ezarri zuten kanpalekua eta ordutik, Marokoko Armadak eta Poliziak kanpalekua setiatu dute eta ez dute elikagaiak, ura eta sendagaiak sartzen uzten.
Marokoko agintariek jada Dajla, Esmara eta Bojador hirietako kanpalekuak indarrez itxi dituzte.