Mundua -
HONDORATZEA
251 bidaiari zeramatzan itsasontzia hondoratu da Filipinetako kostaldean
Agintariek eta Armadak bilaketa eta erreskate operazioa abiatu dute, baina oraingoz ez dute zehaztu zenbat pertsona atera dituzten. Oraindik argitzeke daude hondoratzearen arrazoiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
251 bidaiari zeramatzan ferry bat hondoratu da gaur Filipinetako ekialdeko kostaldean, kostazainek jakinarazi dutenez. Erreskate operazioa abian da, baina agintariek ez dute erreskatatutako eta desagertutako pertsonen daturik eman.
Agintariek eta Armadak bilaketa eta erreskate operazioa abiatu dute eta hondoratzearen arrazoiak ezezagunak direla ziurtatu dute.
Armand Balilo kostazainen bozeramaileak azaldu duenez, itsasontzia goizean atera da Quezon probintziaren iparraldetik Polillo uhartera.
Bertan goizeko hamaikak zirenean (03:00 GMT) agintariek MV Mercraft 3 ferryaren larrialdi deia jaso dute.
Balilok ohar bidez azaldu duenez, istripua gertatu den unean 251 zihoazen ontzi barruan.
Bestalde, Rhoderick Armamento Quezongo Poliziako zuzendariak Inquirer egunkariari adierazi dionez, bidaiari gehienak erreskatatu dituzte, baina ez du xehetasun gehiagorik eman. "Informazioa balioztatzen ari gara", gaineratu du.