Mundua -

Argentina

Argentinak hiru dolu egun agindu ditu Kirchnerren heriotza dela eta

Nestor Kirchner Argentinako presidente ohia joan den asteazkenean hil da, bihotzekoak jota. Baliteke Patagoniako Rio Gallegosen lurperatzea bere gorpua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako Gobernuak hiru dolu egun agindu ditu Nestor Kirchner presidente ohiaren heriotzaren ostean. Ostegunetik aurrera, Gobernuko Etxean beilatuko dute Kirchnerren gorpua.

Dolua asteazken honetan hasi eta ostiralera arte zabalduko da, Calafateko iturri ofizialek agiri baten bidez jakinarazi dutenez. Cristina Fernandez presidentea bere senarraren gorpua Calafaten beilatzen ari da.

Kirchner, 60 urtekoa, bihotzekoak jota hil da asteazkenen honetan, Calafaten, presidentearekin atsedena hartzen zegoela, Telam albiste agentzia ofizialak zabaldutako medikuen txostenaren arabera.

Oraindik ez dute argitu noiz eta non lurperatuko duten presidente ohiaren gorpua, baina iturri ofizialen arabera, baliteke Patagoniako Rio Gallegosen izatea, Argentinako hegoaldean; izan ere, bere ibilbide politiko handiena han egin zuen.

Datozen orduetan emango diren elkarretaratze masiboei aurre egiteko prest daude Polizia eta Segurtasun Indarrak; baliteke ostegunetik aurrera milaka lagunek Buenos Aireseko kaleetara ateratzea 2003 eta 2007 urteen artean Argentinako presidentea izan zena agurtzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea