Mundua -
Nestor Kirchner hil da
Argentinak azken agurra emango dio Kircherri
Presidente ohiaren hil-kapera Etxe Arrosan jarri eta ireki dute. Milaka argentinar kalera atera dira dolumina agertzeko.
Erredakzioa
Nestor Kirchner Argentinako presidente ohiaren gorpua gaur goizaldean iritsi da Buenos Airesera Calafetetik, hots, atzo bihotzekoak jota 60 urte zituela hil zen herritik. Hil-kapera Etxe Arrosan (Presidentziako egoitza) jarri dute, eta jaioterrian, Rio Gallegosen, ehortziko dute.
Mundu osotik hainbat Estatu eta Gobernu buru iritsi dira gaur Argentinara. Herritarrak ere ugari, hil-kapera bisitatzera joan direnak.
Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak milaka argentinarren elkartasuna jaso du Etxe Arrosan.
Beltzez jantzita, eta eguzkitako betaurrekoekin, zutik egon da Cristina Fernández de Kirchner senarraren hilkutxa aurrean. Maximo eta Florencia bere seme-alabak ere bertan izan dira.
Ekitaldia isil-isilik egin badute ere, hainbat hiritarren presidentearen aldeko leloak oihukatu dituzte.
Haren heriotzaren berri izan eta gero, milaka argentinar kalera atera dira dolumina agertzeko. Askok presidentearen jauregiaren aurrean pasatu dute gaua, Maiatza plazan.
Herritarrak eguerdian hasi ziren Etxe Arrosaren aurrean batzen, loreak jartzen eta Cristina Fernandez alargunari (egungo presidentea da) babes mezuak eskaintzen. "Izan kemena Cristina, Nestor gure bihotzetan bizi da", irakur daiteke pankarta batean.
Gobernuak hiru dolu egun ezarri ditu agintari ohiaren omenez.
Etorkizun politikoa, kolokan
Kirchnerren heriotzak kolokan utzi du Argentinako etorkizun politiko hurbila, Presidentetzarako hauteskundeak egiteko urtebete falta denean.
Izan ere, hauteskundeetara berriz aurkeztea aztertzen ari zela etorri zaio Herioa, eta gaur egun botere handia zuen oraindik. 2007an agintea utzi zuen arren, egun Gobernuan dagoen alderdiaren presidentea eta diputatu nazionala zen. Askoren ustez, herrialdea zuzentzen jarraitzen zuen, itzaletik bazen ere.
Ofizialki behintzat, Kirchnerrek ez zuen erabakita hauteskundeetara aurkeztea, baina azken asteetan hainbat ekitalditan parte hartu du, medikuek atseden hartzeko gomendatu bazioten ere.