Mundua -

Atentatu saiakera

Lehergailuak bidaltzeagatik atxilotutako bi emakumeak askatu dituzte

Atxilotutako bi emakume yemendarren senitarteko batek albistea konfirmatu du. Bitartean, bi paketeetatik batek bi hegaldi komertzialetan bidaiatu zuela jakinarazi du Qatar Arways konpainiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yemengo autoritateek larunbatean lehergailuak bidaltzeagatik susmagarri ziren bi emakumeak askatu egin dituzte. Lehergailuok bi paketetan zeuden eta Ameriketako Estatu Batuetara bidali nahi zituzten, baina Dubain eta Erresuma Batuan atzeman zituzten ostiralean.

Emakumeen, ama eta alaba, senitarteko batek azaldutakoaren arabera, askatzeko baldintza bat jarri diete: Poliziak deitu bezain laster galdeketa berriak egiteko aurkeztu daitezela.

AEBk alerta egoeran jarraitzen du

AEBk alerta lehergailuz betetako bi paketeen bidalketa argitzeko ikerketa zabalik duela adierazi du. Horretaz gain, alerta egoeran jarraitzen du ostiralekoa bezalako gertaerak errepikatzeko aukera dagoela uste duelako.

Azken orduetan, Alemaniak, Frantziak eta Ingalaterrak Yemendik ateratako karga-hegazkinei sarrera galeraziko dietela adierazi dute.

Paketeetako batek bi hegaldi komertzialetan bidaiatu zuen

Qatar Airwaysek BBC kateari jakinarazi dionaren arabera, lehergailuz betetako bi paketetik batek bi hegaldi komertzialetan bidaiatu zuen.

Erabilitako lehergaia, PETN, atzematen oso zaila da aireportuetan egiten diren ohiko kontroletan.

Saudiarabiar bat bonbak bidali izanaren susmagarri

Yemengo Gobernuko kide batek jakinarazi duenez, Ibrahim Hassan Al Asiri bonba-fabrikatzaile saudiarabiarra da bi bonba-paketeak prestatu eta bidaltzearen susmagarri nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea