Mundua -

Legegintzarako hauteskundeak

AEBek dute hitza hauteskunde erabakigarrietan

Inkesten arabera, Kongresua errepublikanoen esku geratuko da, eta Senatuan aldea murriztuko dute demokratekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBetako presidenteak jokoan du gaur gobernagarritasuna. Herrialde horretan legegintzarako hauteskundeak dituzte gaur, eta inkesta guztien arabera, Alderdi Errepublikanoak Parlamentuko bi Ganberetako baten kontrola hartuko du gutxienez.

AEBetako Ekialdeko Kostaldeko hauteslekuak zabaldu dituzte dagoeneko, egunari hasiera emateko. Hauteskundeak goizaldeko 4:00etan bukatuko dira, Alaska eta Hawaiko hauteslekuak ixten dituztenean.

Inkestak oso txarrak dira demokratentzat. Izan ere, azken 15 urteetako hondamendi handiena izan lezakete gaur, errepublikanoek 15 puntuko aldea baitute.

Hain zuzen ere, boto-emaileek Ordezkarien Ganberako 435 eserlekuak eta Senatuko 100etako 37 berrituko dituzte, eta hainbat estatutako eta herritako gobernadoreak eta agintariak hautatuko dituzte.

Antza denez, errepublikanoek Ordezkarien Ganberako kontrola hartuko dute, eta Senatuan aldea murriztuko dute demokratekin.

Oro har, errepublikanoek gehiengoa lortuko balute, Obamaren proposamenak blokeatzeko ahalmena izango lukete, eta presidenteak beto eskubidea erabili beharko luke finantza eta osasun sistemen erreformak atzera botatzeko ahaleginak geldiarazteko.

AEBetako hedabideetan "sarraskia" eta "amesgaiztoa" hitzak agertzen hasi dira demokraten balizko hondamendiaren aurrean, eta hauteskundeen ostean Obamak Gobernuan aldaketa sakonak egin beharko dituela ziurtatu dute. Aipatu iturrien arabera, Gobernu krisiak Presidentziaren Komunikazio Sailean izango du eragin handiena, horren lana tamalgarritzat jotzen baitute.

Bestalde, hauteskundeetako gakoetako bat Tea Partyren emaitza izango da. Alderdi Errepublikanoaren barruko mugimendu bat da, muturrekoena eta eskuindarrena, etorkinen kontrakoa, eta azken asteetan indartu egin da. Hauteskundeetan ikusiko da zenbat.

Obamaren iragarkia

Barack Obama presidentearen hitzetan, "lehia handiko" norgehiagoka izango da herrialde osoan. Dena den, alderdiko jarraitzaileek kale egiten ez badute, demokratek aukera asko dituztela iritzi dio.

Alderdi Demokratak ahalik eta parte-hartze handiena izatea nahi du. Horregatik, Obama presidentea protagonista duen iragarkia emititu dute telebistan asteburu honetan.

"Beste alderdiak irabazten badu, atzerakada ekonomikoa ekarri duen politika berberak babestuko dituzte hurrengo bi urteetan", esan du AEBetako presidenteak iragarkian.

Bestalde, hauteskundeen ostean errepublikanoekin lankidetza izango dutenik ez du uste Obamak. Emaitzak ezagutu eta gero bi alderdien arteko harremana erabat aldatuko dela adierazi du presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea