Mundua -

Legegintzarako hauteskundeak

Obamaren aldaketak irrist egin du hauteslekuetan

- Tea Partyk bultzatuta, Alderdi Errepublikanoak aise menderatu ditu demokratak, eta Ordezkarien Ganberaren kontrola hartu du.

- Senatua, Obamaren alderdiaren esku oraindik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBetako boto-emaileak esnatu egin dira "Yes, we can" itxaropen mezuaren ametsetik. Alderdi Errepublikanoak Ordezkarien Ganberaren kontrola lortu du asteazken honetako legegintzarako hauteskundeetan, eta aldea murriztu du Senatuan demokratekin.

Emaitzek erakusten dutenez, hautesleak nekatuta daude, krisi ekonomikoak eta langabeziak etsita, eta ondorioz, demokratek porrot historikoa izan dute, Bill Clintonen garaian, 1994ko legegintzarako hauteskundeetan, pairatu zutena baino mingarriagoa.

Errepublikanoek zituztenak baino 39 eserleku gehiago irabazi behar zituzten Behe Ganberan gehiengo osoa lortzeko eta, azken datuen arabera, 50 eskuratu dituzte.

Hemendik aurrera, errepublikanoek Obamaren proposamenak blokeatzeko ahalmena izango dute, eta presidenteak beto eskubidea erabili beharko du finantza eta osasun sistemen erreformak atzera botatzeko ahaleginak geldiarazteko.

Senatuan, errepublikanoak gehiengo osotik lau eserlekura geratu dira, baina sei kendu dizkiete demokratei.

Tea Party eskuin muturreko mugimendua Alderdi Errepublikanoaren motorra izan da eta gidatu egin du Obamaren aurkako oposizioa. Hauteskundeetako garaile nagusietako bi (Rand Paul eta Marco Rubio, Kentuckyko eta Floridako senatariak, hain zuzen) mugimendu horietakoak dira, eta ideia eskuindarrenak Washingtoneko eztabaidetara eramatea promestu dute.

Nolanahi ere, adituek uste dute mugimendu horrek indarra galduko duela denborak aurrera egin ahala, eta indar ekonomiko handiagoa eta Washingtoneko botere egituretan errotuago dauden beste presio talde batzuek hartuko dutela lekua.

Emaitzen ondorioz, Nancy Pelosik utzi egin beharko du Ordezkarien Ganberako presidente kargua, eta John Boehner errepublikanoa izango da ordezkoa.

Obamak dei egin die errepublikanoei

Barack Obama presidenteak telefonoz hitz egin du jada Kongresuko buruzagi demokratekin eta errepublikanoekin, eta elkarrekin lan egiteko prestasuna agertu die azken horiei.

Agintariak prentsaurrekoa eskainiko du 13:00etan (18:00ak, Euskadin), hauteskundeen emaitza baloratzeko.

Beste emaitza batzuk

Kaliforniak errefusatu egin du marihuanaren kontsumoa legeztatzea. Azken hilabeteetan, kanpainiak oihartzun handia izan du AEBetan zein atzerrian.

Estatu horretan, gainera, Jerry Brown demokratak (72 urtekoa) ordezkatuko du Arnold Schwarzenegger gobernadore karguan.

Illinoisen, Mark Kirk errepublikanoak hartuko du Barack Obama presidenteak 2008an utzitako senatari kargua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea