Mundua -
Iruzkina
Ametsaren amaiera
Bi urte nahikoak izan dira Obamak promestutako iraultza gauzatzea ezinezkoa dela konturatzeko.
Jesus Torquemada
Ez da ezustekorik izan: Barack Obama presidentearen Alderdi Demokratak gehiengoa galdu du Ordezkarien Ganberan, baina eutsi egin dio Senatukoari.
Errepublikanoak, aldiz, eskuinerago biratu dira, alderdi barruko Tea Party eskuin muturreko mugimenduaren hautagaiek arrakasta izan baitute.
Honek esan nahi du Obamak are zailago izango duela aurrerantzean lege-proposamenak aurrera ateratzea. Bi Ganberetan gehiengoa izan duenean, oso larri ibili da osasun erreformaren gisakoak onartzeko, ba orain ia ezinezkoa izango zaio bere programarekin aurrera egitea. Guantanamo ixteaz, adibidez, ahaztu egin beharko gara.
Baina guztiaren gainetik, hauteskundeok zera utzi dute agerian: duela bi urte Obamaren garaipenarekin zetorren iraultza ezerezean geratu dela. Duela bi urte demokratek garaipena lortutako hauteskunde barruti azkar itzuli dira errepublikanoen eskuetara.
Senatuan ez da senatari beltzarik izango: zegoena erretiratu egin da, eta hautagaien artean zeuden hirurek galdu egin dute.
Obamaren aldeko botoa eman zutenek eta AEBetatik kanpo, bere aldeko zirenek goitik-beherako eraldaketa espero zuten Estatu Batuetako gizartean. Bi urte aski izan dira, ezinezkoa zela konturatzeko.