Mundua -
AFGANISTAN
Gutxienez 15 pertsona hil dira Kabulen, akademia militar baten kontrako eraso batean
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Afganistango armadaren kontrako eraso suizida. Agintari afganiarrek, ostera, talibanen Haqqa sareari egotzi diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez 11 soldadu afganiar eta lau erreboltari hil eta beste 16 soldadu zauritu dira gaur Kabulen, akademia militar baten kontra izandako eraso suizida batean.
Erasoa goizaldeko bostak aldera hasi da Kabul mendebaldean eta bost orduz luzatu da, Dawlat Waziri Defentsa Ministerioko bozeramaileak baieztatu duenez.
Waziriren esanetan, bi erreboltarik gorputzera itsatsita zeramatzaten lehergaiak zartarazi dituzte. Bi horiez gain, tiroketan beste bi erreboltari hil dira eta bosgarren bat bizirik harrapatu dute. Soldaduei dagokienez, bost hil eta hamar zauritu dira eta azken horiek ospitale militar batera eraman dituzte.
Gaurkoa ez da azken egunotako eraso bakarra. Urtarrilaren 27an 103 pertsona hil ziren talibanek egindako eraso batean.
Estatu Islamikoak (ISIS) bere gain hartu du Afganistango armadaren kontrako eraso suizida. Hala ere, agintari afganiarren ustez talibanen Haqqa sareak soilik egin dezake gisa horretako erasoa.
ISISen gertuko Amaq agentziak zabaldutako oharraren arabera, Estatu Islamikoaren soldaduek Kabulgo akademia militar bati eraso egin diote. Dena den, oraingoz ezin izan dute oharraren egiazkotasuna frogatu.