Mundua -
Bisitaren amaiera
Aita Santua Espainiatik joan da bere hitzekin iskanbila saihestu gabe
Santiagora eta Bartzelonara egindako bisitetan, Benedikto XVI.ak Elizaren ideia tradizionalenak berretsi ditu, laikotasunaren eta antiklerikalismoaren inguruan berba eztabaidagarriak esanda.
Erredakzioa
Aita Santuak igandeko 19:22etan atera da Erromara bidean Bartzelonako El Prat aireportutik. Espainiara egindako bigarren bisita ofizial honetan, Santiago eta Bartzelona hiriak bisitatu ditu.
Bi eguneko egonaldian, Benedikto XVIak abortua gaitzetsi du, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezkontza "naturala" defendatu du eta "aurrerapen teknologikoak" "gizakien bizitza eta duintasunaren atzetik" jarri ditu.
Bidai honetan, Aita Santua Espainiako agintari gorenekin elkarrizketatu da: Errege-Erreginarekin, Asturietako Printzeekin, Gobernuko presidentearekin eta Espainiako Elizako hainbat agintarirekin.
Bartzelonan, Benedikto XVIak Familia Santua Basilika izendatu du, espero baino jende gutxiago bildu duen ekitaldian.
Larunbatean, Santiagon
Larunbatean, Aita Santua Santiagon izan zen, Urte Santua ospatzeko. Galizian, Espainiak II. Errepublikaren antzeko "antiklerikalismoa" bizi duela adierazi zuen, eta hori aitzakia hartuta, herria "berrebanjelizatzea" eskatu zuen. Hitz horiek ez dituzte batere ondo hartu sektore politiko batzuetan.
Benedikto XVIak Espainian "laikotasun, antiklerikalismo eta sekulartasun sendo eta zorrotza" jaio dela salatu zuen, "30eko hamarkadan izandakoaren oso antzekoa" eta "fedea eta modernitatearen arteko norgehiagoka hori gaur egun ere modu oso sutsuan" ageri dela nabarmendu zuen.