Mundua -

Negoziazio prozesua

Marokok eta Fronte Polisarioak Saharari buruzko bilerari ekin diote

Aaiunen "sarraskia" izan arren, Mendebaldeko Saharak subiranotasuna lortzeko negoziazio prozesuari berriz ekin diote Marokok eta Fronte Polisarioak NBEren babesean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Marokok eta Fronte Polisarioak Saharari buruzko bilerari ekin diote New Yorken. Nazio Batuen Erakundearen babesean egiten duten hirugarren bilera da eta Mendebaldeko Saharak subiranotasuna lortzeko negoziazio prozesuari berriz ekiteko xedea du, NBEk jakinarazi duenez.

Marokoko armadak gaur Aaiunen (Mendebaldeko Sahara), Gdaim Izik kanpalekuan, egindako eraso gogorraren ostean ekin diote bilerari. Aaiuneko gertakizunak eta negoziazio prozesuari ekiteko bilera aldi berean gertatu izana deitoratu du Martin Nesirky NBEko bozeramileak.

Mohamed Uld Salek Saharako Kanpo Arazoetako ministroaren hitzetan, "Aaiuneko sarraski larriaren ostean, ezinezkoa da negoziazioek aurrera egitea". Uld Saleken iritziz, "alde bien arteko konfiantza hondatzen dute eta NBEko izen ona zikintzen dute".

Uld Salek "neurri egokiak hartzeko" eskatu dio NBEri New Yorken; besteak beste, "Marokoko Gobernuaren esku-hartzea aztertzeko" misio bat tokira bidaltzeko eskatu dio.

Oraindik ez dago biktima kopuru zehatzik Mendebaldeko Saharako&' || 'nbsp;Gdeim Izik (Aaiunetik 15 kilometrora) kanpalekua indarrez hustu ostean. Sahararen aldeko Thawra erakundeko bozeramaile baten arabera, gutxienez zazpi pertsona hil dira Marokoko segurtasun indarrek kanpalekua indarrez hustean.

Kanpalekuaren aurkako erasoan segurtasun indarretako bi agente hil eta 70 pertsona zauritu direla baieztatu Marokoko Gobernuak. Halaber, Aaiunen (Mendebaldeko Saharako hiriburuan) nagusi diren istiluetan polizia bat labankadaz hil dutela jakinarazi dute.

Bucharaya Beyun Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkariak, bere aldetik, 13 pertsona hil direla esan du. Horren hitzetan, 12 pertsona hil dira Aaiunetik 18 kilometrora dagoen kanpamenduan izandako erasoan, eta beste bat hil da Aaiunen sortu diren istiluetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea