Mundua -
Elkarrizketa NBCn
Irakeko gerraren kontrako 'disidentea' zela dio orain Bushek
AEBetako presidenteak "higuina" sentitzen omen du suntsipen ahalmen handiko armarik aurkitu ez zutelako. Hala ere, Sadam Husein boteretik kenduta mundua "hobeto" dagoela uste du.
Erredakzioa
George W. Bush AEBetako presidente ohiak Etxe Zuria utzi zuenetik telebistan egin dioten lehenengo elkarrizketan adierazi duenez, Irakeko gerraren kontrako "disidentea" zen bere Gobernuaren barruan, nahiz eta azkenean gatazka armatuari babesa ematen amaitu.
"Disidente bat nintzen. Ez nuen indarra erabili nahi" Iraken kontra, adierazi dio Bushek Matt Lauer elkarrizketatzaileari, NBC telebista katean.
Bushek Decision Points (Momentu erabakigarriak) izeneko memoria liburua argitaratu baino egun bat lehenago egin ditu adierazpenok.
Hedabideetara filtratu dituzten liburuko zati batzuetan agertzen denez, Bushek "higuina" sentitzen du Iraken suntsipen ahalmen handiko armarik aurkitu ez zutelako, izan ere, aitzakia horixe jarri zuten 2003an inbasioa egiteko.
Hala ere, agintari ohi estatubatuarrak berretsi du Sadam Husein boteretik kenduta mundua "hobeto" dagoela.
Horren harira, honakoa azaldu du Bushek memoria liburuan: "Irak inbaditzeko erabakiaren ondoren izan ziren oztopoak oztopo, AEB toki seguruagoa da suntsipen ahalmen handiko armak bilatzen zituen eta Ekialde Hurbilean terrorismoa babesten zuen diktadore hiltzailerik gabe".
Liburua
481 orriko memoria liburuan, agintariak alde pertsonala eta politikoa nahasten ditu. Hori horrela, 1986an alkohola uztea erabaki zuela aitortu du Bushek.
Gainera, Irakeko inbasioa, 2008ko finantza krisian hartutako erabakiak eta ustezko terroristak torturatzeko baimenen arrazoiak azaltzen ditu.
Autokritikarako tokia ere badago liburuan, izan ere, 2005ean New Orleans jo zuen "Katrina" urakanak eragindako katastrofea gaizki kudeatu zuela onartu du.