Mundua -
Behin-behineko balantzea
11 saharar hil dira eta 150 desagertu, Polisarioaren arabera
Gainera, 700 lagun zauritu dira. 5 polizia hil dira, Marokoren esanetan. Kolono marokoarrek, Marokoko Armadaren babespean, sahararren etxeak eta autoak erre dituztela salatu du Polisarioak.
Erredakzioa
Atzo Aaiunen jasandako "gerra" egoeraren ondorioz 11 lagun hil eta 723 zauritu direla eta 159 pertsona desagertuta daudela jakinarazi du istiluak izan eta biharamunean Fronte Polisarioak. Gobernuak, bere aldetik, 5 polizia eta saharar bat hil direla baieztatu du.
Mohamed Uld Salek Saharako Kanpo Arazoetako ministroaren hitzetan, behin-behineko balantze ofizialaren berri eman dute.
Gdeim Izik-eko protesta kanpalekua hustean, "26.000 pertsona babesgaberen aurka" tiro egin zutela salatu du Informaziorako Ministerio sahararrak ohar baten bidez. "Gehienak emakumeak, haurrak eta adinekoak" zirela gaineratu dute.
Aaiun, setio egoeran
Marokoko Gobernuak etxeratze-agindua ezarri zuen bart, eta goizetik militarrek Mendebaldeko Saharako hiriburua hartuta dute.
Aaiungo hiria guztiz setiatuta dago, argitaratu du territoriosocupadosminutoaminuto blogak. Tantan eta Smara hirietik datozenak ezin dira hirian sartu eta segurtasun indarrek kontrolak jarri dituzte errepide horietan. Halaber, Binter Canarias eta Air Maroc aire-konpainiek ostiralera arte ez dituzte hegaldirik salduko.
Blogaren arabera, militarrek ez dute inor sartzen ezta irteten uzten ere Aaiungo Raha eta El Awda auzoetan; taxiak, autoak eta pertsonak geldiarazi, eta saharar gazteak atxilotzen dituzte. Horrez gain, militarrak saharar familien etxeetara jo dute gazteen bila. Zerrenda batean jasota dituzten pertsonak atxiki, eta ez dakite nora eramaten dituzten.
Istiluak ez dira gauez eten
"Ehunka" kolono marokoarrek, "Marokoko Armadaren babespean", sahararren hainbat etxeri su eman diete Aaiungo Matalla auzoan, Fronte Polisarioaren SPS albiste agentziaren arabera.
Bart militar marokoarrek kolonoei armak eman zizkietela argitaratu dute "ekintzaile saharraren blogetan", eta ondoren, lekuko horien hitzetan, "etxez etxeko kontraerasoa" egin zuten, fusilak hartuta, eta "sahararren auto guztiak eta zenbait etxe erre zituzten".
"Dolu-egun nazionala"
Lurralde Okupatuetako Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren Ministroen Kontseiluak "dolu-egun nazionala" deitu du gaurko, astearterako. Martxa Berdearen 35. urtemugaren egunean, Mohamed VI.ak emandako hitzaldia "sarraskia burutzeko agindua" izan zela adierazi dute.
Gaitzespena eta elkartasuna, nazioartean eta EuskadinNazioarteko erakundeak zein Euskadikoak Mendebaldeko Saharan izandako hilketen inguruko adierazpen instituzionalak plazaratu dituzte. Nazio Batuen Erakundeak, Frantziako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Gasteizko Udalak, besteak beste, Marokoko Gobernuak agindutako erasoa gaitzetsi dute, eta gatazkaren konponbiderako prozesu politikoaren alde agertu dira.Bi lagun atxilotu dituzte Bilbon
Ertzaintzak bi karga egin ditu Marokoko kontsuletxearen aurrean Bilbon deitutako elkarretaratzea desegiteko; Gdeim Izik kanpalekuan gertatutakoaren aurka protesta egiteko elkarretaratze horretan bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Bestalde, gutxienez lagun bat artatu behar izan du anbulantziak tokian bertan.