Mundua -
Iruzkina
G-20, hipokriten bilera
Taldeak Seulen egingo duen bileraren leloa "Hazkunde partekatua" izango da, baina, praktikan, bakoitza bereari begira baitago.
Erredakzioa
G-20 taldeak soberan du zeroa. G-2 taldea deitu beharko litzaioke, benetan bi baitira: Estatu Batuak eta Txina. Gainerakoak ikusleak dira. Hori agerian geratuko da gaur beste behin, Seulen gaur hasiko den goi-bileran.
Washingtonek eta Beijingek ahal duten guztia egiten dute euren txanponek balio gutxi izateko. Yuanak eta dolarrak orain baino gehiago balio behar lukete, errealitatean, ordea, dutena baino balore gutxiago ematen zaie. Zergatik? Esportazioetan dagoelako oinarrituta Txinako eredu ekonomikoa, eta AEBek ere esportazioak bultzatu nahi dituzte , ekonomia suspertu eta, batez ere, enplegua sortzeko.
Duela aste bete egindako parlamentuko hauteskundeen ondoren, Barack Obamak garbi ikusi du enplegua sortu behar duela, bi urte barru Etxe Zurian jarraitu nahi badu .
Gauzak horrela, Washingtonek Beijingi leporatzen dio yuana nahita debaluatzea, eta txinatarrek erantzun dute estatubatuarrak ere debaluatzen ari direla dolarra.
Eta arazoa zera da, gainerakoek ere gauza bera egin beharra daukatela, euren diruak balioa gehiago baitu.
Ondorioz, denak hasten badira debaluazioekin, bakoitzak bereari begiratu beharko dio aurrera egiteko. Justu, G-20 taldeak Seulen egin behar duen bileraren leloa hau da: "Hazkunde partekatua , krisitik haratago".