Mundua -

LURRIKARA

7,2 graduko lurrikara izan da Mexiko erdialdean eta hegoaldean

Lurrikarak berak ez du biktimarik eragin, baina Oaxakara, zonalde kaltetuenera, zihoan helikoptero bat jendearen gainera erori da eta gutxienez 13 lagun hil dira.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

7,2 graduko lurrikara gogor batek Mexiko erdialdea eta hegoaldea astindu du ostiral arratsalde honetan, eta 2017ko irailean bezala, berriz ere Oaxaka izan da ingururik kaltetuena. Dela dela, Mexikoko agintariek jakitera eman dutenez, kalteak uste baino txikiagoak dira: 50 etxe erori dira, 2 lagun zauritu, eta elektrizitate zerbitzurik gabe geratu dira milioi bat pertsona.

Atzo 17.39an (23:39 GMT) gertatu zen lurrikara eta ondoren, gaurko 9.30 (15:30 GMT) arte, 517 erreplika izan dira, SSN Sismologia Zerbitzuak emandako datuen arabera. Dena dela, mugimendu horiek guztiek ez dute biktimarik eragin.

Zoritxarrez, ordea, gutxienez 13 lagun hil dira Alfonso Navarrete Gobernazioko idazkaria eta Alejandro Murat Oaxakako gobernadorea lurrikara gehien sentitu den ingurura zeramatzan helikopteroak istripua izan duenean. Pinteca Nacionalen lur-hartzeko 30-40 metro falta zirenean, hegazkinak lurra jo du eta auto batzuen gainera erori da. Helikopteroko bidaiariak onik atera dira, baina lurrean zeuden 15 pertsona zauritu dira eta gutxienez 13 hil.

Lurrikararen kalteak

Pinotepa Nacional, Rio Grande, Jamiltepec eta San Jose del Progreso herrietan sentitu da, batez ere, lurrikara: 50 etxe erori dira eta bi lagun zauritu dira. Gainera, kalteak jasan dituzte hainbat ospitaletan eta elizetan, eta errepide batzuk ere erori egin dira.

Miguel Angel Mancera Mexiko Hiriko alkateak esan du 112 koloniatan bizi diren 570.000 lagun argirik gabe geratu direla behin-behinean, baina horixe izan dela hiriburuan izan den ondorio bakarra. Hala ere, larrialditarako protokoloak agintzen duen bezala, alerta sirenak jo duenean, izua zabaldu da, milaka auto bat-batean geratu dira eta sareak kolapsatu egin dira, baina horretan geratu da dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Lurrikarak gaur