Mundua -

Saudi Arabia

Hiru milioi musulman, Mecara erromes joateko prest

Gobernuak segurtasun neurri bereziak jarriko ditu martxan. "Kaaba" eraikin sakratuari bueltak eman ondoren, erromesek ilea moztu eta Sakrifizioaren Festari hasiera emango diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko leku ezberdinetako hiru milioi erromes prest dira gauean Saudi Arabiarreko Meca hiri santura joan eta "hach" erritua betetzeko.

Saudi Arabiako agintariek Guardia Nazionaleko eta Armadako 100.000 kide lanean jarri dituzte Mecan eta haren inguruetan.

Osasun Ministerioak, bere aldetik, behin-behineko 50 ospitale jarri ditu, orduko 35 gaixo hartzeko modukoak. Larrialdietako zentroek, bestalde, orduko 300 pertsona hartzeko prest izango lirateke.

Hiru milioi erromesei jatekoa eta edatekoa emateko, agintariek 2.200 jatetxeentzako eta 15.000 janari postuentzako baimena eman dute.

Bizitza osoan gutxienez behin Mecara erromes joatea Islamaren bost oinarrietako bat da. Beste laurak fedea izatea, limosna ematea, barau-aldia egitea eta egunean bost aldiz otoitz egitea dira.

Ilea moztu eta bildotsen sakrifizioa

"Kaaba" Mecan dagoen eraikin karratua, munduaren zentroa da; musulmanen arabera, lurrean egindako lehenengo eraikina. Bere barruan "harri beltza" dago, mahomatarren esanetan paradisutik jausitako puska.

"Kaaba"ri derrigorrezko bueltak eman ondoren, erromesek ilea moztu egingo dute eta bildotsak sakrifikatuko dituzte Sakrifizioaren Festari hasiera emateko. Festa hori islamiarren jai garrantzitsuenen artean dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea