Mundua -
Gatazka Mendebaldeko Saharan
Aaiun 'setio-egoeran' da, kanporatutako kazetariaren arabera
Segurtasun indarrek aske utzitako sahararrek atxilotuta egon diren bitartean torturak jasan dituztela salatu dute.
Erredakzioa
Aaiun "setio-egoeran" dago eta populazioa "hitz egiteko beldur da" Guillaume Bontoux RNEko Radio Exterioreko kazetariak adierazi duenez. Bontoux igande arratsaldean iritsi da Kanarietara Silvia Garcia eta Javier Sopeña aktibistekin batera.
Kanarietara iritsi denean, Bontouxek Aaiunen "arazo handiak" daudela esan du, izan ere, "kazetariek ez dute mugitzekoa skatasunik eta sahararrek hitz egiteko beldur dira".
Kazetari frantziarrak azaldu duenez, Aaiuneko hotelean galdeketa egin zioten hainbat ordutan. Aaiunen turista gisa sartzea lortu zuen baina Marokoko Poliziak pasaportea kendu zion. Hala ere, Frantziako nazionalitatea izateagatik tratu hobea jaso duela gaineratu du.
Torturak salatu dituzte
CODESA Giza Eskubideen Defendatzaile sahararren Kolektiboak El Aaiuneko inguruetan desegindako kanpamenduan atxilotutakoek jasandako torturak salatu dituzte dokumentu batean.
Aminetu Haidarrek zuzendutako taldeak hiru pertsonen kasuak aipatzen ditu biktimen izen-abizenak emanda. Hirurak aske daude dagoeneko eta Marokoko segurtasun indarrek egindako galdeketetan torturatu eta tratu txarrak eman zizkietela salatu dute.
Horietako bat El Laili Layla Giza Eskubideen defendatzailea da. Laylari "kanpamenduaren antolaketarekin zuen erlazioaz galdetu zioten. Gainera, jo egin, txistua bota, jipoitu eta umiliatu egin zuten 24 orduz". Egunbete beranduago kanpamenduaren kontrako errepresioan atxilotutako beste 50 emakumezkorekin batera askatu zuten.