Mundua -

Elkarrizketa telebistan

Sarkozyk defendatu egin du Gobernuaren erreforma

Fillon Gobernuan izan dezaketen "lehen ministro onena" dela esan du. Gainera, "hondasunen gaineko zerga" bat sortuko dutela aurreratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak elkarrizketa bat eskaini die hiru telebista-kateri, ikusle gehien dauden orduan, Gobernuan egindako azken adalketak azaltzeko.

Hori horrela, estatuburuak adierazi du François Fillon Gobernuan izan dezaketen "lehen ministro onena" dela, eta "Frantziak behar duen egonkortasuna" delako berretsi duela karguan.

Sarkozyk eskerrak eman dizkio Jean Luis Borloo Ingurumen ministro ohi zentristari (Gobernutik kendu duenetako bat), eta apenas hitz egin du Eric Woerth Enplegu ministro ohiari buruz (Bettencourt auzian nahasita dago).

Presidenteak pentsioen erreforma ere hartu du hizpide, eta defentsa sakona egin du, miloika pertsonak "indarkeria erabili barik" protesta egin dutela aitortu badu ere.

Frantziako "nortasun nazionalaren" auziaz, baina, damutzen dela dirudi. Izan ere, duela urtebete, nortasun hori zehazteko proiektua kaleratu zutenean, kutsu xenofoboak hartu zituen, eta orain Sarkozyk uko egin dio.

Dena dela, ijitoak Frantziatik kanporatzeko politika babestu egin du.

Erreforma ekonomiko gehiago

Ekonomiari dagokionez, Sarkozyk iragarri du 2011n Gobernuak eztabaida "sakona" abiatuko duela Frantziako eta Alemaniako zerga politikak "harmonizatzeko" helburuz, bi ekonomien arteko ezberdintasunak murrizteko.

Halaber, "hondasunen gaineko zerga" bat sortuko dutela aurreratu du, baina ez du beste zehetasunik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea