Mundua -

New York

Guantanamoko presoa absolbitu dute terrorismoagatik, epaiketa zibilean

Ahmed Jhalfan Ghailaniri AEBen enbaxadek Kenian eta Tanzanian jasandako atentatuetan parte hartzea leporatzen zioten. 286 salaketetatik 285etan jaso du absoluzioa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ahmed Khalfan Ghailani izan da Guantanamoko presondegitik AEBetara eraman eta epaiketa zibila izan duen lehenengo presoa. 1998an AEBen enbaxadek Kenian eta Tanzanian jasan zituzten atentatuetan parte hartzea leporatzen zioten, baina azkenean absolbitu egin dute terrorismo delitu guztiengatik eta azpijokoan aritzeagatik soilik zigortuko dute.

Ghailaniren kontra 286 salaketa zeuden jarrita eta New Yorkeko hegoaldeko Barrutiko Auzitegi Federalak absolbitu egin du kargu guztietatik, bategatik izan ezik (Gobernuaren eraikinak eta ondasunak suntsitzeko azpijokoan aritzea).

Epai-mahaiak bost eguneko gogoetaren ostean hartutako erabakiarekin, 36 urteko auziperatua ez da errudun hilketengatik, AEBetako herritarrak hiltzeko azpijokoan aritzeagatik eta suntsipen ahalmen handiko armak erabiltzeagatik.

Hala ere, errudun jo dute azpijokoan aritzeagatik eta horrek 20 urteko edo biziarteko kartzela-zigorra ekar diezaioke.

224 hildako

Al Kaidak bere gain hartu zituen 1998ko abuztuaren 7an AEBen Keniako eta Tanzaniako kontrako atentatuak. 224 pertsona hil ziren, 12 estatubatuar tarteko, eta 4.000tik gora lagun zauritu.

Auziperatua Pakistanen atxilotu zuten eta 2004an CIAren egoitza sekretu batera eraman zuten eta bertan eduki zuten bi urtez.

Gero, Guantanamora eraman zuten eta hiru urte eman zituen bertan. Azkenean, 2009an, New Yorkera eraman zuten.

Balio handiko presoa

Pentagonoarentzat Ghailani balio handiko presoa da, izan ere, bere ustezko lau laguntzaileak biziarteko kartzela-zigorra ari dira betetzen.

Epaiketa zibilen kontra

Errepublikano gehienak Guantanamoko presoak AEBetan epaitzearen kontra daude, segurtasun nazionala arriskuan jartzen delakoan. Barack Obama presidenteak, berriz, urte bukaerarako Guantanamo itxi egin nahi du eta, beraz, ez da albiste ona izan beretzat Guantanamoko presoaren absoluzioa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea